Lakuako Hezkuntza sailari sukaldeetako eta garbiketako langileak gutxiestea leporatu dio LABek
LABek Lakuako Hezkuntza sailari leporatu dio sukaldeetako eta garbiketako langile finkoak gutxiestea. Sindikatuak azpimarratu du sektoreko kolektiborik «feminizatuena eta lan baldintza okerrenak dituena» dela eta elkarretaratzea egin dute langile horien lekualdatze deialdia aurten egin dadin.
LABek Lakuako Hezkuntza sailari leporatu dio sukaldeetako eta garbiketako langileak «gutxiestea», ez baitute kolektiboaren lan hitzarmena errespetatu. Izan ere, akordioak zehazten du deialdia urtean behin egin behar duela Sailak, baina 2021etik ez dute langile finkoen lekualdatze-lahiaketarik deitu. Hori dela eta, elkarretaratzea egin dute Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitzaren aurrean.
Sindikatuak salatu du «hutsik dauden lanpostuetara mugitzeko eskubidea ukatu» zaiela langileei, «beste behin ere», eta salbuespeneko kontsolidazio prozesua bukatu baino lehen hutsik dauden lanpostu guztien eskaintzarekin deialdia egiteko eskaera berretsi du.
LABek azaldu duenez, 2024ko ekainaren 26an egin zen kontziliazio saioan lekualdatze-lehiaketa 2024ko irailaren 1a baino lehen egiteko eskaerara batu ziren ordezkaritza duten sindikatu guztiak. Orduan, Hezkuntza sailaren ordezkariak kontsolidazio prozesua bukatu baino lehen lekualdatze-lehiaketaren deialdia egingo zutela adierazi zuen, aurreko ikasturteko mahai parekidean sailak esan bezala. Hala ere, urtea bukatzear den honetan, sindikatuak salatu du Hezkuntza Sailak adierazi diela ez dutela deialdia 2024ean egingo.
«Beraz, berriro ere, sukalde eta garbiketako kolektiboa gutxiesten duen Hezkuntza sailaren aurrean gaude, kolektibo guztietan egin baita lekualdatzea kontsolidazio prozesua amaitu aurretik», salatu dute mobilizazioan.
«Sukaldari eta garbitzaileen kontsolidazio prozesua motelago doa, lan hitzarmenaren negoziazioaren inguruan ez dute inongo berririk, oraindik ez da neurririk hartu 60 urte baino gehiago duten langileen jardunaren inguruan», gaineratu dute. Halaber, langileen lan baldintzak hobetzeko mobilizatzen jarraitzeko asmoa agertu dute.