INFO

Realaren aurkako derbia irabazteko «gure momentua» dela uste du Arene Altonagak

Ipuruak urteko azken derbia hartuko du igandean. Reala sailkapenaren goikaldean eta dinamika ezinhobean helduko da eta Eibar puntuen beharrarekin baina goranzko ibilbidean joko mailan.

Arene Altonagak lasai ikusten du taldea azken partidetan erakutsitako jokoari esker. (Jaizki Fontaneda | Foku)

2024ko azken derbia jokatuko dute Eibarrek eta Realak Ipuruan igandean. Talde txuri-urdinak sailkapenaren goikaldean eta dinamika ezinhobean ekingo dio, etenaldi bereziki luzeak –aurreko partida ezin izan zuen jokatu haize denboralearen ondorioz– zalantzak sor baditzake ere; eta armaginek, berriz, puntuen beharra dute ez baitute garaipenik lortu azken bederatzi jardunaldietan baina goranzko bidea ibili dute azken aldi honetan joko maila.

Dena dela, Arene Altonagak derbia irabazteko «gure momentua dela» uste du, eibartarrek azkena irabazi zutenetik, Realaren beraren kontra, hiru urte eta erdi pasa direla. «Azken urteotan galdu egin ditugu, batzuetan gehiago merezi badugu ere –gogoratu du erdilariak–. Baina alde batera utzi behar ditugu aurrekoak eta aukera berri honetan zentratu. Egia da Reala dinamika onean datorrela, baina gu ere une onean gaude joko aldetik, derbiak beti oso berdinduak izaten dira eta aurten gure unea dela uste dugu. Aukera polita da azkenean derbi bat irabazteko eta garaipena gure zelaian berriro ospatzeko».

Eibarrek, behintzat, «sentsazio onekin» ekingo dio neurketari, «une onean gaudelako. Etenaldiarekin azken partidaren sentsazioak ahazteko arriskua egon daiteke baina gogotsu eta intentsitate handiz entrenatzen ari gara, aste barruan egiten dugunak asteburuan islada izango duela jakinez». Eta azken partidetan, bereziki Atleticori egindako bisitan, ikusitakoak gogo horiek indartzen ditu. Baita sailkapenak sor lezakeen antsietatea geldiarazi ere.

«Emaitzak ez dira izan guk espero genituenak, baina partida gehienetan itxura ona eman eta askotan gehiago merezi izan dugula uste dut –esan du armaginen kapitainak–. Badakigu gauzak ondo eginez, emaitzak etorriko direla. Eta bereziki Atleticoren aurkako norgehiagokak, nahiz eta irabazi, lasaitasun gehiago eman digu, oso partida ona planteatu genuelako eta oso ondo egon ginelako Ligako talde onenetariko baten aurka. Asko sinisten dugu taldean eta gure jokoan».

Ez du uste Altonagak igandeko partida berdin-berdin izan beharko duenik, Reala ere sailkapenaren aurreko postuetan egoteaz gaina, baloia eduki nahi izango duen arren. «Baloia izatea gustokoa duen taldea da eta, seguruenik, igandean ere gehiago izango du. Baina ez dugu baztertuko guk ere partidaren faseetan baloia izatea. Baloiarekin momentuak ere behar ditugu, baloia behar dugu, ateseden hartu, errekuperatu eta baldintza onetan heldu».

Mahai-inguruak Ipuruan

Gipuzkoako derbia dela eta, hitzordu berezia egongo da asteazken honetan ere Ipuruan. Gipuzkoako Futboleko Emakumeen Sareak antolatuta, bi mahai-inguru egingo dira prentsa-aretoan. 18.00etatik aurrera, Begoña Larzabalek (Real), Alicia Figueroak (Askatuak), Oneida Zubiak (Gipuzkoako Futbol Federazioa) eta Arrate Fernandezek (SD Eibar) hitz egingo dute, 'Emakumeak Gipuzkoako Kirolaren Kudeaketan' gai nagusitzat hartuta. Eta ordubete beranduago, 'Gipuzkoako derbia' lelopeko mahai-ingurua hasiko da, Aintzane Encinasek gidatuta eta Ane Campos (Eibar) eta Mirari Uria (Real) jokalarien eta Ana Rodriguezen (Gipuzkoako Futbol Federazioa) parte hartzearekin.