INFO
Entrevue
Fernando Bernues
Tanttaka antzerki konpainiaren zuzendaria

«Ustekabekoa eta kasik absurdoa den protagonisten enkontruak bien bizitzak aldatuko ditu»

Simon Stephensen ‘Heisenberg’ oholtzara eramango du astearte honetan Arriagan Tanttaka konpainiak. Ramon Agirre eta Naiara Arnedo sartu dira ez ohiko bikotekideen larruan. Fernando Bernuesek bere gain hartu du zuzendaritza eta espazio eszenikoa.

Alex Priest (Ramon Agirre) eta Ciare Burns (Naiara Arnedo) agertokian. (Gorka BRAVO)

Ezohiko bikote baten ustekabeko harremana aurkituko du agertokian ikusleak Simon Stephensen ‘Heisenberg’ obran. Astearte honetan, Euskararen Egunean, 19.30ean eskainiko du Tanttaka konpainiak.

Bizitza arruntak ezohiko egiteko duen trebezia goraipatu izan diote Stephensi. «Inteligentzia, samurtasuna eta oihartzun emozionalez josia dago bere idazkera», nabarmendu dute Tanttaka Teatroko kideek.

Fernando Bernuesek bere gain hartu du zuzendaritza eta espazio eszenikoa. Zuzendari laguntzaile lanetan, ondoan izan ditu Andrea Gallego eta Eriz Alberdi. «Bi alditan landu dugu. Lehenik, uda garaian, Andrearekin bi aste ta erdiko lana eginda, obra marraztuta utzi genuen. Gero, Andreak Dantzertin ari denez eta goizetan eskolak dituenez, Eriz Alberdirekin», azaldu du Bernuesek. 

Agertoki gainean, Ramon Agirre eta Naiara Arnedo. «Biak maila altua erakusten dute antzezlanean. Elkarrekiko kimika ona daukate eta istorio sinesgarria sortu dute, adin saltoaren eta interpretazio-kodeen gainetik», esan du zuzendariak.  

Alex Priest eta Ciare Burns

Alex Priest eta Ciare Burns gorpuztu dituzte, hurrenez hurren. 75 urte ditu lehenak, 42 bigarrenak. Ezusteko batek elkartuko ditu. «Londresko Saint Pancras geltokian egingo dute topo. Bizkarka ikusiko gizona emakumeak eta lepoan musu emango dio. Izan ere, aitarekin nahastuko du. Ustekabekoa eta kasik absurdoa –aita hilda dago urtebete lehenagotik– den enkontruak bien bizitzak aldatuko ditu», kontatu du Bernuesek.

Pertsonaia bakoitzak bere motxila astuna dauka. «19 urteko semea dauka Ciarek. AEBetan bizi da eta ez du amarekin ezer jakin nahi. Alexek bikote haustura izan zuen ezkontzera zihoanean eta bizitza osorako markatu zuen horrek. Nork bere minak ditu. Baina aho zapore ona uzten dizu funtzioak», esan du. 

«Euren arteko harremanari esker bien bakardadeak desagertuz joango dira. Bakoitza saiatuko da ondokoa zaintzen, maitatzen eta enkontruaz gozatzen. Bizitzak ezusteko ona ematen dizun aldi bakan horietako bat da eta tarteka kontatu egin behar dira», gaineratu du.

Desiratzen daude estreinatzeko. Hala aitortu du Bernuesek. «Lan atsegina da eta sentsazio onak ditugu. Geruza asko ditu obrak, bien bizitzako une zailen berri izango dugu, eta era berean komedia erromantikotik ere zerbait baduen enkontruari ateak zabalduko dizkio», dio.

Bi protagonistak ezin desberdinagoak dira. «Emakumea zeharo ipurtarina da eta goxoa da. Dibertigarria eta gezurtia ere bai. Aldiz, metodikoa, aspergarria eta iluna da gizona. Oso gertukoa egingo zaigun egunerokoak zeharkatuko ditu biak obran zehar. Londresen gertatzen da eta orain 10 urte idatzia izanik gertukoa egingo zaio edonori», azaldu du zuzendariak.

«Matematikoki zaila da harremana izatea, 33 urteko aldea daukate bi pertsonaiei. Bi bakardade desberdin nahasten, engantxatzen eta elkar konpentsatzen doaz. Ez dira senar-emazte bihurtuko, baina elkar maitatu eta zaintzea erabakiko dute. Geratzen zaien denboraz gozatzea, azken finean», zehaztu du.

Eszenografia biluzia

Arriagako Foyerrak hartuko du antzezlana, joan den ostegunean Urnietako Saroben aurre-estreinaldi ohikoagoa egin ondoren. «Foyerrak publikoarekiko gertutasuna eskaintzen du, eta obrak ahalbidetzen du hori».

Espazio eszeniko neurtua du Stephensen lanak. «Autoreak berak antzerki biluziaren planteamendua luzatu du, paretak estali gabe, argiteria elementuak eta atrezzoa bistan utziz. Egilearen proposamena egokia da eta ondo datorkio bi pertsonaien istorioari», adierazi du Bernuesek.

Formalki soila da lana eta ezinbesteko errekurtsoekin bakarrik lan egitea eskergarria izan da Bernuesentzat. Eta erronka, aldi berean. «Ekoizpenari dagokionean teknikoki exigentea ez denez asko gozatu dugu pertsonaien eraikuntzaren prozesuaz, bien arteko harremanaz eta istorio eder bat kontatzeaz. Batzuetan hauxe da hobekien funtzionatzen duena eta gehien interesatzen dena», dio.

Jantziez Ana Turrillas arduratu da eta argiztapen diseinua David Bernuesek egin du. «Bi aktore onez gozatzea izan da prozesua. Eta bere esentzialtasunean bereziki argiteriaren arloan David Bernusek egin duen lanarekin oso gustura gaude. Neurrizkoa bezain sugerentea da emaitza. Eszenografia, finean, bistan dauden argi-dorreak dira. Bi aulkiren inguruan eraikitzen da espazioa, praktikoki uneroko eszenan dagoen elementu fisiko bakarra», kontatu du.

Fernando Bernues, artxiboko irudian. (Jon URBE | FOKU)

Duela urtebete ezagutu zuen zuzendariak Stephensen obra. «Bartzelonan taularatua izan da. Zuzendariak testua bidali zidan, asko gustatu zitzaigun eta euskaraz egitea pentsatu genuen. Aizpea Goenaga arduradu da euskararako moldaketaz», esan du.

Bernuesek ez du zalantzarik: «Dramaturgo bikaina da Simon Stephens». «Baliabide eszeniko urriak erabiliz sei eszena desberdin sortu ditu, bi pertsonaien bizitzan bidaia eraikiz».

Besteak beste, Mark Haddonen ‘El curioso incidente del perro a media noche’ eleberrian oinarritutako antzerkirako egokitzapenagatik da ezaguna autorea.
 Marianne Elliottek zuzenduriko egokitzapenak zazpi Olivier sari irabazi zituen 2013an eta bost Tony sari 2015ean. Bietan ere Antzerki Obra Berri Onenaren saria tartean. Ordutik munduko eszenatoki nagusienetan ekoiztua izan da lana.

Londresko Royal Courteko kide, Hammersmitheko Lyric-en erresidentzia artistikoa egina, gaur egun gidoigintzako irakasle da Manchesterreko Unibertsitate Metropolitanoan eta Kopenhageko Danimarkako Arte Eszenikoen Eskolan.

Heinsenbergen mekanika kuantikoko printzipioari egiten dio erreferentzia izenburuak. ‘Ziurgabetasunaren printzipioa’ 1972an formulatu zuen Werner Heisenberg fisikari alemaniarrak, eta hauxe du oinarri egileak ia antagonikoak diren bi pertsonaiaren arteko istorio berezi hau garatzeko. «Aurretik sumatu ezin den horri lotuta dago, alegia, ezinezkoa da nora doan jakitea. Printzipio hori kontuan izanda idatzi du funtzioa», dio. Umore printzak ere baditu ‘Heisenberg’ lanak.