Pradalesek «euskal kultura sustatzeko» konpromisoa hartu du Azokan
Landakon azken ordura arte jendearen mugimendua nabaritzen zen bitartean, ostegun arratsaldean San Agustin kulturgunean 59. edizio honetako inaugurazioa ofiziala burutu da. Abuztuan hil zen Jon Irazabal gogoan izan dute denek, baita Imanol Pradales lehendakariak.
Joan den abuztuaren 22an hil zen Jon Irazabal Agirre Usansoloko iurretarra (1960-2024). Hamarkada luzeetan Gerediaga Elkarteko kudeatzailea eta Azokako zuzendaria izan zen, hogei urtetan –2012ra arte, bertan erretiratu zenetik– bizitza erdia eman zuen Durangaldeko historia, memoria eta kultura ikertzen.
Bere ibilbidea batez ere bi jardunek markatu zuten: bat, historiarekiko pasio hori; bestea, Azokarekiko leialtasuna. Gizon maitatua zen, ekitaldian argi gelditu denez, bera izan baitzen, neurri handi batean, inaugurazioko protagonista.
Hainbat euskal erakundeetako ordezkari izan dira ekitaldian –Usansoloko herritarren protestaren aurretik igaro behar izan dute–, besteak beste, Imanol Pradales lehendakaria, Pello Otxandiano eta Iker Casanova politikariak, eta, noski, Durangaldeko herritar ugari.
Norbaiten faltan nabaritzen zen, dena den.
«Ongi etorri sormenaren lurraldera»
«Kaixo Durango, ongi etorri sormenaren lurraldera», bota dute agurra Miren Amurizak eta Aner Peritz Manterolak. Azokako lau egun bete beteak ditugu aurretik, iaz baino bat gutxiago, ‘Hartzea, ematea da’ lelopean.
Imanol Pradales lehendakariaren presentzia ukitu instituzionala eman dio ekitaldiari. Azokan bertan erosketak egin dituela aitortu ondoren, Jon Irazabal gogora ekarriz, bere ekarpena ekarri du gogora eta, era berean, euskararen alde konprometitu diren guztien ekarpena eskertu nahi izan du.
«Harro sentiarazten gaitu Azoka ikusteak –aipatu du–. Komunitate sendo bat osatzen badugu eta gai izango gara aurrera egiteko. Erronka handiak ditugu, gizarte konplejoa, likidoa, anitza dugulako, eta jauzi bat eman behar dugu etorkizuna sendatzeko, gure gizarte eta kultura bermatzeko». Eta hauxe bota du ere: «Lehendakari bezala, konpromisoa hartzen dut kultur sorkuntza sustatzeko politikak aurrera eramango ditudala».
Nerea Mujikak, Gerediagako elkarteko lehendakariak, ezin izan du bere hunkidura ezkutatu. «Euskal Herrian gaur egun bizi dugun sorkuntza loraldiari gogotsu erantzungo dioten zaleak behar ditugu –aipatu du–. Eta gaur, 59. Durangoko Azokaren sarrera ekitaldian, gure ibilbidean benetan garrantzitsua izan den kide bat oroitu nahi dugu bereziki: Jon Irazabal Agirre. Durangaldearen zaintzaile sutsua, haren historiaren ikerlari nekaezina, euskal kulturaren bultzatzaile irmoa».
«Aurten agurtu gaitu Jonek, eta, zelan ez, bere hutsunea igarriko dugu azokan», gehitu du. «Jon Irazabal Agirre, bihotz-bihotzetik, eskerrik asko!».
Itziar eta Iñaki Irazabal, Jon Irazabalen anai-arrebak, igo dira oholtzara. Itziarren gogora ekarri du nola nebak, amari esan zionenean Gerediagan lanean hasiko zela, amak beste lan bat aurkitu zezala gomendatu zion. «Eta
40 urte lanean egin ondoren, han jubilatu zen. Gerediaga eta Azoka atal garrantzitsuak ziren berarentzat, askotan esaten zuen berarentzat suerte bat zela ofizioa eta afizioa berdinak izatea».