INFO

Ipuruako festa, Gipuzkoan urte askotan egindako lan gogorraren emaitza

Gipuzkoako Futboleko Emakumeen Sareak deituta, Eibarko eta Realeko jokalariak eta jokalari ohiak eta kirol kudeaketan lan egiten duten emakumeak bildu ziren Ipuruan, F Ligako bi talde gipuzkoarrek igandean jokatuko duten derbiaren atarian.

Atzoko eta gaurko jokalariak aritu ziren derbiaz, Ipuruan antolatutako mahai-inguruan. (Raul BOGAJO | FOKU)

«Deigarria da urtetik urtera nola igotzen den kirola praktikatzen duten emakumeen kopurua baina neurri berean ez haztea emakumezkoen kirola kontsumitzen duten emakumeen kopurua», deitoratu du Aintzane Encinasek. Gauza bera esan daiteke kirolaren inguruan antolatzen diren hainbat ekitaldiez aritzean, eta futbolari ohiak gogoeta hori egin zuen eszenatokia ere horren adibidea izan daiteke, publikoa faltan bota baitzen Ipuruan asteazkenean izan ziren hitzaldietan.

Pena da, Gipuzkoako Futboleko Emakumeen Sareak –Gipuzkoako Federazioak sustaturik orain dela urtebete sortutako ekimenak– igandean Eibarren jokatuko den derbiaren atarian eskainitako hitzaldiak zinez interesgarriak suertatu baitziren. Kirol kudeaketan lan egiten duten lau emakume mintzatu ziren aurretik, ondoren Eibarko eta Realeko atzoko eta gaurko jokalariei bidea emanez. Asmoa da «emakumeok kirolean daukagun paperari balioa ematea», Gipuzkoako Federazioko presidenteorde Oneida Zubiaren esanetan, eta hain lurralde txikiak maila gorenean bi talde izatearen esangura azpimarratzea.

Fitxen kopuruaren, azpiegituren garapenaren edo jokalarien eta teknikarien prestakuntzaren eboluzioak azken urteotan abiadura hartu badu ere, Ipuruak igandean hartuko duen festaren oinarria topatzeko denbora atzera egin behar da, Ana Rodriguezek azaldu zuen bezala. Eibartarrak taldeak, bera jokalaria zela, orain dela 25 urte Superkopa irabazi zuela gogora ekarriz –trofeoa museotik zelaira irtengo da igandean bete berri den urteurrena ospatzeko–, «gure herriko futbola aldarrikatzea gustukoa» duela aitortu zuen eibartarrak.

«Gipuzkoak duen historia aberatsa aldarrikatu behar da»

«Askotan ahaztuta geratzen da eta Gipuzkoak duen historia aberatsa aldarrikatu behar da. Eibartarrak bakarrik ez. Oiartzunek eta Añorgak zenbat garaipen lortu zituzten hastapenetan, baldintzek gaur egungoekin zerikusirik ez zutenean –nabarmendu zuen gaur egun Federazioko kidea den futbolari ohiak–. Oraintxe F Ligan bi talde gipuzkoar izatea lorpen bat da, eta lorpen horren atzean urteetan emakumezkoen futbolaren alde lan egin duten klub askoren lana dago. Bergara, Mondragon, Anaitasuna maila gorenean egon ziren garai batean...».

Oneida Zubia, Gipuzkoako Futbol Federazioko presidenteordea. (Raul BOGAJO/FOKU)

Klubek, jokalariek eta Federazioak egindakoari jarraituz, Mirari Uriak eta Ane Camposek Ipuruako zelaian elkarren kontra jokatzeko aukera izango dute igandean. Topikotzat har daiteke, baina «benetan dira partida oso bereziak. Borrokatua eta polita izango da, pena merezi du. Eta datorrenari gola eskainiko diot», txantxa egin zuen armaginak. «Uste dut bereziki polita dela neskentzat –gaineratu zuen azpeitiarrak–, egunen batean partida hau beraiek jokatuko dutela ilusioa indartzeko». 

Realeko filialean taldekide izan ziren Campos eta Uria, gazteak izanda ere, ehun partida baino gehiago jokatu dituzte jada beren taldeekin. Futbola nola eboluzionatzen ari den ikusi ahal izan dute horrela, nahiz eta hasi zirenean ere, baldintzak aitzindariek ezagutu zituztenen oso bestelakoak izan. «Lagun Onaketik Realera joan nintzenean, jauzia jada nabarmena izan zen –gogoratu zuen txuri-urdinak–. Zelaiak, aldagelak, gimnasioa, arropa...

Klub apaletan baliabideak txikiagoak dira. Hala ere, urte gutxi pasatu eta dena hobetu da. Profesionalak izateaz gain, zelaiak berritu dira, instalazioak, guretzat eraikina egiten ari dira...». Camposek bat egin zuen, «urtetik urtera hobetzen goaz» esanez. «Zelaia nabarmenduko nuke, baita lan saioak ere; etorri nintzenean, Berrizen egiten genituen. Eta baliabideak, staffean gurekin lanean ditugun guztiak... etengabe hobetzen ari dira», adierazi zuen.

Lau ikuspuntu

Bilakaera horren arduradunetako batzuek ez dute zelaian lan egiten, bulegoan baizik. Horietako lauk beren esperientzia desberdinak azaldu zituzten.

Arrate Fernandez Ipurua Fundazioko Komunikazio arduradunak bi langile izatetik hamarnaka milioiko aurrekontuak egitera eta akziodunak 70 herrialdetan izatera igaro den klubean bizi izandako esperientziak eta aldaketak kontatu zituen. Oneida Zubia Federazioko presidenteordeak erronkaz erronka futbolera ailegatu eta hartaz maitemintzera nola heldu zen azaldu zuen.

Begoña Larzabal hockey jokalari ohiak kirolean izandako esperientziak lanean nola lagundu dion gogoratu zuen, eta Realeko arlo ekonomikoan dituen erantzukizunez ere mintzatu zen. Eta Alicia Figueroa Askatuakeko Koordinatzaile nagusiak, bestalde, kirol egokituarekin eta minbizia duten pertsonekin egindako lanaren bidez kirolaren alderdi soziala nabarmentzeko egiten duen ahaleginari buruz jardun zuen.