INFO

Amara Berrin jaiegunetan osasun zentroa irekita mantentzea eskatzeko elkarretaratzea egin dute

Jaiegun eta asteburuetan Amara Berriko osasun zentroa ixteko erabakiaren kontra elkarretaratzea egin dute Donostiako auzo honetan. Herritarrek, Amara Berrin eta beste auzoetan, jasotzen duten zerbitzuak okerrera egingo duela salatu dute.

Amara Berriko osasun zentroaren aurrean egin duten elkarretaratzea. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Amara Berri osasun zentroan, Donostian, jaiegun eta asteburuetan ez dela dagoeneko zerbitzurik emango salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur, Donostialdea Osasungintza Publikoaren Alde (DOPA) plataformak deituta. Antolatzaileek NAIZi nabarmendu diotenez, erantzun oso garrantitsua izan du deialdiak eguraldi kaxkarra eta jaizubi baten erdian gaudelarik kontuan hartuta.

Osakidetzaren zuzendaritzak erabaki duenez, Amara Berriko osasun etxeak ez du aurrerantzean jaiegun eta asteburuetan zerbitzurik eskainiko. Gauzak horrela, zentro honetara atxikirik dauden herritarrak Donostiako beste batzuetara bideratuko dituzte. Mobilizazioan parte hartu dutenen artean EH Bilduko Donostiako udal taldeko eledun Juan Karlos Izagirre izan da, medikua ogibidez.

Zerbitzuaren kalterako

Honek zerbitzuaren kaltea suposatuko duela nabarmendu dute gaurko kontzentrazioan. Ez soilik Amara Berriko biztanleentzat, arreta lortzeko beste auzoetara joan beharko direlako; auzo horietako zentroek ere egoera onean ez dauden osasun zentroek itxita daudenen gaixoei arreta egin beharko diotelako, egun duten lan gainkarga areagotuz.

Erabaki guzti hauek langileekin kontatu gabe hartu dituztela salatu dute kontzentrazioaren deitzaileek. Zentzu honetan, EAE mailan Osasun Itun bat lortzeko prozedura martxan dagoenean horrelako erabakiak hartzea gogor kritikatu dute.

Herritarrek ere ez dute informaziorik jaso. Izan ere, osasun zentroko langileek auzotarrei itxieraren berri emateko aginduak jaso dituzte. Hau da, konpartitzen ez duten erabaki baten berri eman behar diote itxiera pairatzen duten herritarrei.

ELA sindikatuak ere gogor kritikatu du Amara Berriko osasun zentroaren itxiera.