Gerediagak aitortza egin dio Nestor Basterretxeari, haren obra Durangoko Museoan dago ikusgai
Nestor Basterretxearen jaiotzaren mendeurrenaren harira omenaldia egin dio Gerediaga elkarteak. Durangoko Azokaren egitarauaren baitan, «eskerrona» agertu nahi izan dio elkarteak, eta Durangoko Museoak Basterretxeak diseinuaren eta ilustrazioaren alorrean egindako lanekin erakusketa prestatu du.
59. Durangoko Azokaren baitan, Nestor Basterretxeari esker ona agertzeko ekitaldia egin dute gaur, Gerediaga elkartearen ekimenez. Bertan izan dira artistaren senideak, eta oroigarria jaso dute Nerea Mujika Gerediagako presidentearen eskutik. Ekitaldi honekin, Basterretxearen sorkuntza eta ekarpena aitortu nahi izan dituzte, artistaren jaiotzaren mendeurrena bete denean. Halaber, bertan izan dira Mireia Elkorobide Durangoko alkatea, Ibone Bengoetxea Lakuako Kultura Sailburua, Bakartxo Tejeria Gasteizko Parlamentuko lehendakaria eta Elixabete Etxanobe Gipuzkoako Diputatu Nagusia.
«Nestor Basterretxea artista handia eskertzeko batu gara, eta bere etxekoak ere eskertu behar ditut. Izan ere, aitaren sormen lanak eskura utzi dizkigute Durangoko Museoan», azaldu du Mujikak ekitaldian. Hain zuzen, Bermeoko sortzaileak diseinu eta ilustrazio arloan egindako obraren lagin bat Durangoko Museoan dago ikusgai, Garazi Arrizabalaga museoko zuzendariak prestatu duen erakusketan. Lanetako asko sekula ikusi gabeak direla azpimarratu dute ekitaldian. Halaber, jakinarazi dute datorren urteko otsailera bitarte egongo dela ikusgai.
XX. mendeko euskal kulturaren erreferentzi nagusietako bat izan zen Basterretxea, eta Durangoko Azokarekin harremana izan zuen. Adibidez, 2012an, berak sortu zuen 47. ediziorako irudia. Gerediagak orduko hartan eskaria egin zionean, ikuspuntu sortzaile eta kritiko batetik diseinatu zuen afixa, eta prozesu hori azaltzeko Basterretxearen beraren bideo bat proiektatu dute ekitaldian. Halaber, artistaren obraren erakusgarri diren hainbat argazki erakutsi dituzte, erakusketaren beraren aurrerapen modura, Eñaut Zubizarreta ‘Trigger’ bilontxelo jolearen doinu artean.
Monica Basterretxea artistaren alabak hartu du hitza sendiaren izenean eta gogora ekarri du aita zenak euskararekin zuen harremana. Izan ere, ez zen hizkuntza komunikatzeko erabiltzeko gai, Euskal Herritik kanpora hazi izanaren ondorioz, baina bazen sorkuntzarako baliatzeko gauza: «Gerrak maite zuen hizkuntza ezabatu zion, baina beti itzuli nahi izan zuen haren oihartzunetara, txikitan erakutsi zizkioten hitzen sonoritatera». Horrela, artelanak izendatzeko baliatu izan zuen sarri.
Basterretxeak Durangaldearekin izan zuen lotura ere gogoratu du Gerediaga elkarteak. Besteak beste, Otxandioko bonbardaketaren biktimen omenezko ‘Heriotza zerutik etorri jakun’ eskultura eta Durangoko Tabira auzoan 90. hamarkadatik dagoen ‘Hirugarren hilarria’ artelana aipatu dituzte. Lotura horren inguruko informazio sakonagoarekin, erreportaje zabala eskaini diote aurtengo ‘Astola’ urtekarian.
II. Eskultura Azoka
Basterretxearen lanen erakusketaz gain, badago Eskuahaldunak eskultoreen elkarteak antolatutako II. Eskultura azoka bisitatzeko aukera ere. Bertan, Euskal Herriko 70 eskultore baino gehiagoren lanak daude ikusgai. Durangoko Azokako Landako pabiloitik ehun metro eskasera dauden bi espaziotan egingo da erakusketa, egurrez eraikitako Mikeldi erraldoiaren ondoan, hain zuzen ere, Gandarias aretoan, Arkotxa kalean, eta 2025eko urtarrilaren 5era arte egongo da zabalik.
Hainbat jarduera egingo dituzte erakusketa honen inguruan: bisita gidatuak egileen esku-hartzearekin; argitaratu berri den ‘Euskal eskultura gaur’ liburuaren aurkezpena; eskulturari buruzko hitzaldi eta mahai-inguru sorta, Nestor Basterretxearen eta Eduardo Chillidaren mendeurrenak ospatzeko, baita aurten hil diren Koldobika Jauregi eta Vicente Larrea gogoratzeko ere. Era berean, Eskuahaldunak elkarteak urtero ematen duen ‘Eskua Saria 2024’ Koké Ardaiz eskultoreari emango diote, ibilbide profesional luzea aitortze aldera.
Durangoko Azokak iraun bitartean aretoa egunero egongo da zabalik, 10.00etatik 20.30era. Azoka amaitutakoan urtarrilaren 5era arte izango da zabalik, asteartetik ostiralera, 18.30etik 20.30era, eta larunbatetan 11.30etik 13.30era eta 17.30etik 20.30era.