INFO

Ardi latxa esnearen prezio baxuak ekoizpen kostuekin ez datozela bat ohartarazi du EHNEk

EHNEk ardi latxaren esnea ekoizten duten artzainen egoera larriaren berri eman du asteazken goiz honetan. Urte osoan, ardi bakoitzeko sei euroko marjina besterik ez dutela lortzen salatu dute, eta egoera iraultzeko Elikadura Katearen Legea betetzeko exijitu dute.

EHNEko ordezkariak, ardi latxaren esnearen ekoizpenaren informazioaren berri ematen. (NAIZ)

Idiazabal eta Erronkariko ardi latxa esnearen ekoizleek bizi duten «egoera larriaren» berri eman du EHNEk asteazken goiz honetako prentsaurrekoan, esnearen prezio baxuak ekoizpen kostuekin bat ez datozela azaltzearekin batera.

Enpresa batzuek prezioak 0,036 euro igoko dituztela jakinarazi duten arren, gehienek iazko prezioei eustea erabaki dutela ohartarazi dute, eta Latxo Foroak Arkautin egindako azken bileran Nafarroako Gobernuak emandako azken datuak landu dituztela kontatu dute, 2022/2023 kanpainari buruzkoak.

«Artzainek 6 euroko marjina garbia lortu zuten urteko ardi bakoitzeko, zegozkien laguntzak barne, aurreko urtean (2021/2022) marjina hori 60 euro ardi/urteko zenean», zehaztu dute, eta aurreratu hurrengo datuak hobeak izatea espero arren, ekoizpen kostuetan beherakada txikiak izan direlako, BEHATOKIk ezarritako gutxieneko 1,627 eurotik «oso urrun» daudela gaineratu dute.

«Gaztagintzako industriak ez ditu gure ekoizpen gastuak kubritzen» ohartarazi eta prezioak «beste marka zuri batzuen mailan jartzen» dituela salatu dute, «kalitate eta tradizio handiko esnearen balioa gutxietsiz eta ekoizpen horien iraunkortasuna arriskuan jarriz».

Lehiaren legea ere ez dela betetzen deitoratu dute: «Gure lurraldean ekoitzitako ardi latxaren esnea erosten duten industria urriek prezioak hitzartu eta beraien artean artzainak banatzeko dinamika daramate».

Neurri zehatzen eskaria

Prezioak finkatzeko bideak berrikustea eskatu dute, esne ekoizleei jatorri izendapenetarako bidezko ordainsaria bermatzeko, «sektorearen iraunkortasuna bermatu eta ardi latxaren esnearen kalitatea zaintzeko».

Batetik, bermatutako gutxieneko prezioak eskatu ditu EHNEk, ekoizleei bidezko orainsaria ziurtatzeko; bigarrenik, gardentasun handiagoa, «balio-kate osoan, ekoizpenetik distribuzioraino». Eta hirugarrenik administrazioak kontratuak ofizioz berrikustea: «Elikadura Katearen Legea betetzeko eta abusuzko praktikak saihesteko, eta benetako lehia esnearen merkatuan».

Gogoratu dute «marjina garbi irrigarri horrek» eraman zituela iaz prentsaurreko bat egitera Txindokiren magalean, enpresek elikatze-katea ez zutela bete salatuz. Azaldu dutenez, mobilizazio horren eraginez, enpresek %15 igo zuten esnearen prezioa ondorengo kanpainarako; hala ere, BEHATOKIk adierazitako gutxienekora ez da heltzen.

Azaldutako arazoez gain, klima erronka berriak ere izan dituzte aipagai: «Lehorteek eta gaixotasun berriek areagotu egiten dute egoera hori, eta horrek are gehiago zailtzen du egoera, belaunaldien arteko erreleboa eta ustiategien bideragarritasuna zailduz».

Amaitzeko, konpromiso handiagoa exijitu diete erakundeei, «sektorearen iraunkortasuna bermatzeko eta ardi latxaren gaztaren kalitatea zaintzeko, gure herriko produktu adierazgarria baita».