Arano eta Lekunberri ere batuta, larrialdiari aurre egitea lehenetsiko du UEMAk
Urte amaierako batzar nagusia egin du UEMAk Zarautzen. Bertan elkartu dira UEMA osatzen duten udalerri euskaldunetako 150 bat alkate eta zinegotzi. Bi kide berri batuta –Arano eta Lekunberri–, 113 udal dira mankomunitatean. Euskarak behar duen olatu berria sortzeko erantzukizuna berretsi dute.
Udalerri euskaldunetako 150 bat alkate eta zinegotzi bildu dira larunbat honetan Zarautzen egindako UEMAren batzar nagusian. 2024ak eman duena aztertu ondotik, 2025erako egitasmo nagusiak onartu dituzte. Bi kide berri ere sartu dira: Arano eta Lekunberri. Orotara, 113 udal dira orain, eta 348.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute.
Martin Aramendi UEMAko lehendakariak nabarmendu duenez, «larrialdi linguistikotik ateratzeko euskararen aldeko neurriak ezinbestekoak dira, eta jauzi handi bat egin behar da norabide egokian». Udalerri euskaldunek bide-erakusle izateko ardura dutela adierazi du, eta «euskarak behar duen olatu berria sortzeko erantzukizuna berretsi» du.
Herri berrien eskaerak onartu aurretik, amaitzear den urtearen balantzea eta 2025erako egitasmo nagusiak ere onartu dituzte batzarkideek.
‘Bizkarsoro’ filma eta Hedatu proiektua
Aurtengo balantzeari dagokionez, egindako zenbait lan nabarmendu ditu Miren Segurola UEMAko koordinatzaileak. Herritarren sentsibilizazioan eta ahalduntzean eragiteko egindakoen artean, batez ere milaka lagunengana iritsi diren bi ekimen: ‘Bizkarsoro’ filma UEMAko herrietan eta ikastetxeetan eskaintzeko banatzailearekin eta ekoizlearekin sinatutako hitzarmena, eta Iñaki Iurrebesok herriz herri emandako dozenaka hitzaldiak, euskararen egoera ulertzeko adierazle berriak ezagutaraziz.
Hedatu hezkuntza proiektuaren baitan, berriz, UEMAko tenikariek ikasle, hezitzaile eta gurasoekin herriz herri egindako ehunka saioak aipatu dituzte: ikasleekin 305 saio, 6.000 ikaslerengana helduz; irakasleekin 34 saio, 789 irakaslerengana helduz; eta gurasoekin 26 saio, 290 gurasorengana helduz.
Euskara eta kulturartekotasuna uztartzeko 2021ean Zaldibian abiarazitako egitasmoa, berriz, dagoeneko 29 herritara zabaldu du UEMAk. Ikasturte honetan, zehazki, 11 herri berritara. Herriek eta eskolek egitasmoa modu autonomoan lantzeko behar dituzten baliabideak ere sortu ditu aurten UEMAk.
Beste hainbat kontu ere aipatu ditu Segurolak: UEMAra sei udal berri gehitu izana, 70 udalen erabilera planak egin izana, herritar berrientzako 23 harrera protokolo abiarazi izana eta zerbitzu sektorean euskararen garrantzia nabarmentzeko 80 herritan egindako kanpaina.
2025ean, akuilu lana
2025erako egitasmoa ere onartu dute batzarkideek, euskarak bizi duen larrialdi linguistikoari aurre egiteko «akuilu» izan nahi duena. Ildo horretan, euskalgintzarekin zein erakunde publikoekin duen harremana sendotzeko asmoa agertu dute, eman behar diren pauso sendoen berme eta bidelagun izateko. «Ohiko lan-ildoei eusteaz gain, ahalegina biderkatuko dugu udalerri euskaldunak eta arnasguneak euskararen biziberritzean giltzarriak direla ikusarazteko».
2025ean arnasguneei buruzko nazioarteko lehen topaketa eginen dela iragarri dute.
Plazara eta EiTBrekin itunak
Beste bi kontu zehatz ere aipatu dituzte. Batetik, UEMAk hitzarmena sinatu du aurten Plazara elkartearekin, eta laster Ipar Euskal Herriko zenbait herriko etxerekin lankidetzari ekingo diote UEMAk eta Plazarak, «arnasgunetze prozesuei ekiteko eta udalerri horietako euskal hiztunak ahalduntzeko».
Bestetik, euskarazko ikus-entzunezkoak zabaltzeko UEMAk eta EiTBk lehen aldiz sinatutako hitzarmena. Horri esker, UEMAko kide diren udalek Primeran plataformako eduki zehatzak areto publikoetan eskaintzeko aukera izango dute, beti ere 3.000 biztanletik beherako herrietan.
Arano eta Lekunberri
Onartutako herri berrien izenean, Lekunberriko Euskara zinegotzi Juan Mari Irastortza pozik agertu da herria UEMAko kide delako. «Nahi genuke hori pizgarri bat izatea herritarren motibazioan, alderdi emozional hori garrantzitsua iruditzen zaigu, herritarrak harritu ere egin dira-eta kontu honekin», aitortu du.
Nolabait, herrian barneratuta dago Lekunberri herri erdalduna dela, bai behintzat inguruan dituen beste batzuekin alderatuta. Eta hala da, erdaldunagoa da, baina erabaki honekin, astindu bat eman nahi diote iruditeria horri. Bestetik, iruditzen zaie Udalak eredu izan behar duela euskararen normalizazio prozesuan.