«Zerbitzu guztiak izango dituen klinika publikoa» aldarrikatu dute Asuncioneko langileek
Tolosako Asuncion klinikako enpresa batzordea eta ELA eta LAB sindikatuak Gasteizko Parlamentuan izan dira eta «zerbitzu guztiak izango dituen klinika publikoa» aldarrikatu dute, «Tolosaldearako kalitatezko osasun arreta bermatzeko».
Tolosako Asuncion Klinikako enpresa batzordeak eta LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariek agerraldia egin dute Gasteizko Legebiltzarrean, Tolosalderako «guztiz publikoa izango den klinika» aldarrikatzeko.
Ondoren azaldu dutenez, Asuncion klinikaren etorkizuna «jokoan» dagoela ikusita, «zerbitzu guztiak izango dituen klinika publikoa» beharrezkoa dela nabarmendu dute legebiltzarkideen aurrean, eskualderako «kalitatezko osasun arreta bermatzeko».
Horrekin batera, ospitale publikoa eraikitzen dutenean Asuncion klinikan lan egiten duten langileak subrogatuak izan daitezela eskatu dute.
Gasteizko Parlamentuan dauden alderdi politikoei horixe eskatu diete, «erabakiak zentzu horretan har ditzatela eta bultza egin dezatela norabide horretan».
«Langile publikoak gara»
«Tolosaldeko herritarren zerbitzura egongo den kalitatezko osasun arreta da behar duguna. Eta Asuncion klinikan dihardugun langileok, zerbitzu publiko bat eskaintzen ibili garen heinean, garbi dugu langile publikoak garela. Etorkizunean osasun arreta eskaintzen jarraituko dugunak gu gara eta honenbestez funtsezkoa da subrogazioaren bidez, 100% publikoa izango den zerbitzu horren parte gu ere izatea», adierazi dute.