Sare: «Bakerantz bidea egiteko ezinbestekoa da kartzelak atzean uztea»
Sarek Bilboko kaleak hartu dute errepresaliatuen eskubideak aldarrikatzeko. Nabarmendu duenez, «herri honetan elkarbizitza eta bakerantz bidea egiteko ezinbestekoa da kartzelak atzean uztea».
Sare herritarrak Bilboko kaleak hartu ditu larunbat honetan euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde.
Gogoeratu dutenez, «ETAk bere jarduera amaitutzat eman zuela 13 urtetara oraindik ere, 124 euskal preso daude espetxean, 20 euskal herritar inguru iheslari eta deportatu artean. 13 urte ondoren salbuespen legeek indarrean jarraitzen dute, estrategia antiterroristapean bideratutako legeek herri honen konponbiderako hautua baldintzatzen jarraitzen dute».
«Orduan euskal presoak modu bidegabean zigortu bazituen ere, are ageriago ikusten da lege horiek egun suposatzen duten salbuespena», gaineratu dute, eta «Euskal Herrian bizitutako gatazkak utzitako ondorioekin amaitzea premiazkoa» dela azpimarratu dute.
Zentzu honetan gogoratu dutenez, «Salbuespen lege batekin amaitzea lortu badugu ere, oraindik indarrean jarraitzen du salbuespen auzitegi den entzutegi nazionalak, edo bizi osorako espetxe zigorra ordezkatzeko sortu zen 07/2003 legeak».
«Aspaldi esan genuen eta esaten jarraitzen eta jarraituko dugu, herri honetan elkarbizitza eta bakerantz bidea egiteko ezinbestekoa da kartzelak atzean uztea, salbuespenak sortzen duen sufrimendua behin betiko ezabatzea alegia», esan dute, eta egoera honi aurre egiteko deia egin dute.
Sareren esanetan, «eragile sozial eta politikoen, sindikatuen, alderdien eta gizartearen ardura da oro har, etorkizunera begira jarri eta salbuespenekin amaitzea, sufrimenduarekin amaitzea, gatazkaren konponbideari aterabide integral bat eskaintzeko lanean aritzea».
«Hori guztiagatik elkartuko gara Urtarrilaren 11an Bilbon La Casillatik hasiko dugun manifestazioan, aterabide integral bat eskatzeko, euskal preso, iheslari eta deportatuek etxerako bidea urratu dezaten, biolentzia ezberdinen biktimek egia jakin dezaten, aitortuak izan daitezen. Finean, Euskal Herriak horrenbeste behar eta merezi duen etorkizunari, elkarbizitzari begira jarri gaitezen», nabarmendu dute.