Taloak, sagardoa, eta, nola ez, ‘Kaxilda’, San Tomas egunaren protagonistak
Jendetza bildu da Donostian eta Bilbon larunbat honetan, San Tomas egunean antolatzen diren azoketan. Taloak eta sagardoa protagonistak izan dira, eta Gipuzkoako hiriburuan ‘Kaxilda’ izan da jaiaren erregina.
Txistorra eta txorizo usainak bete ditu larunbat honetan Donostia eta Bilboko kaleak. Izan ere, taloak eta sagardoa izan dira San Tomas egunaren harira ospatutako azoken protagonistak.
Dena den, Donostian azokako erregina ‘Kaxilda’ txerrama izan da. Herritarren begiradak bereganatu ditu Alde Zaharraren bihotzean dagoen Konstituzio plazan jarritako eskortatik.
Donostian milaka pertsona, baserritar jantziak soinean, hurbildu dira Alde Zaharrera, festaren erdigune nagusira. Izan ere, 162 postuetako asko bertan daude.
Goizean, 11.00ak aldera, Boulevardeko taberna bateko sukaldean piztutako sute baten ondorioz, kale batzuk itxi behar izan dituzte. Baina eguerdian normaltasuna itzuli da Alde Zaharreko kaleetara.
Jakien salmentaz gain, ganadu erakusketa izan da Zuloaga plazan; eta haurrentzako jolasak eta tailerrak izan dira erdigunean.
Jendetza Bilbon
Bilbon, milaka pertsona bildu dira goizeko lehen orduetatik Areatzan San Tomas azokaz disfrutatzeko. 121 ekoizlek parte hartu dute azokan, eta 235 etxolak instalatu dira.
Goizetik ilara handiak izan dira frutak eta barazkiak, esnea, eztia, ogia eta pastelak, haragiak, kontserbak, sagardoa eta txakolina saltzen dituzten postuetan.
Izan ere, antolatzaileen arabera, 100.000 pertsona inguru bertaratuko dira, eta baserritarrek salmenta maila altua espero dute.
Txorizo edo txistorrarekin egindako talo postu tradizionalekin batera, 5,50 euro inguruko prezioan salduta, Bisubi Fundazioak 4.500 babarrun anoa solidario prestatu ditu. Bildutako diru guztia Aspanovas, Gregorio Ybarra, Norai eta Koop SF 34 elkarteentzat izango da.