Triku urdina bueltan da
SONIC THE HEDGEHOG 3 (SONIC 3: LA PELÍCULA)
AEB, 2024. 110’ Zuzendaria: Jeff Fowler. Gidoia: Patrick Casey, Josh Miller, John Whittington. Jat. Ahotsak: James Marsden, Jim Carrey, Alyla Browne, Lee Majdoub. Musika: Tom Holkenborg. Argazkia: Brandon Trost.
SEGA konpainiaren bideo-joko ezagunean oinarritutako zinema-frankizia arrakastatsuaren hirugarren atala iritsi da: ‘Sonic the Hedgehog 3’ (‘Sonic 3: La película’).
Abentura berri honetan, Sonicek, Knucklesek eta Tailsek indarrak batuko dituzte aurkari beldurgarri bati aurre egiteko: Shadow, sekula ikusi gabeko abileziak dituen gaizkile misteriotsua. Taldeak ustekabeko aliantzak bilatu beharko ditu Shadow geldiarazteko eta planeta babesteko.
Ustekabeko arrakasta
‘Sonic’ bideo-jokoak SEGAk sortutako frankizia ezaguna dira, eta bere protagonista nagusia Sonic izeneko urdin koloreko triku bat da, abiadura handiko gaitasun berezia duena. 1991n sortu zen lehen aldiz, Mega Drive/Genesis kontsolarako, eta orduz geroztik arrakasta handia izan du formatu desberdinetan. Ikono kulturala dela esan daiteke, ez bakarrik bideo-jokoen munduan, baita marrazki bizidunetan, komikietan eta, azkenaldian, baita filmetan ere.
‘Sonic’-en lehen bi pelikulek ustekabeko arrakasta itzela lortu zuten; Covidaren pandemiak eragindako atzerapenak gorabehera, AEBtako estreinaldian, bideo-joko baten inoizko estreinaldirik arrakastatsuena izan zen: lehenengo zatiak 319 milioi dolar inguru bildu zituen mundu osoan eta bigarrenak 405 milioi.