Iparraldeko sagardoa ere hartuko du Euskal Jatorri Izendapenaren aurtengo uztak
Euskal Herriko herrialde guztiek batera aurkeztu dute txotx denboraldia, etorriko denaren aurrekari gisa. Euskal Sagardoak lurralde guztiak batuko dituen jatorri deitura berria garatu nahi du ‘Malus bat’ ekimenaren bidez. Batera, mugaz gaindiko mundu mailako lehen jatorri deitura zehaztuko dute.
Euskal Sagardoak 2025eko txotx denboradia aurkeztu du ostegun honetan Donostian, herrialde guztiek batera, aurrerantzean eskutik helduta joatea delako helburua. 2023ko sagar uzta handia izan zenez, 2024koa txikiagoa izatea espero zen, eta aurreikuspenak bete egin dira. 250 sagastietan «bi milioi kilo sagar jaso dira, eta 1.300.000 litro sagardo ekoiztu dira» 46 sagardotegitan –arabar bat, 3 bizkaitar eta 42 gipuzkoar–, iazko datuekin alderatuz «erdia baino gutxiago, baina nahikoa», kontatu du Maite Retolaza Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren lehendakariak.
Aurten sagardo gutxi dagoenez, kolore, gorputz eta usain asko dauka. Hala ere, «bailaraz bailara aldatuko da eta onena dastatzera joatea da, kupeltegiz kupeltegi», gomendatu du. Aurtengo sagardoak kalitate handia duela azpimarratu du Euskal Sagardoak, eta horrek bat egiten du bere leloarekin: «Bertako plazerra».
Prestatua zuten festa giro aparta zertxobait zapuztu da euriarengatik, baina Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren koordinatzaileak esan bezala, hori ere ematen ari diren pausoen adierazgarri da, alegia, «polita baina erraza ez». Izan ere, ‘Malus bat’ proiektua dute abian, zeinak Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabaz gain beste herrialdeak ere bere baitan hartuko dituen. Azaldu duenez, lehenik Iparraldea sartuko da, aurtengo uztarekin batera, eta Europan jada eskaera egina dute. Ondoren Nafarroa etorriko da, eta Trebiñu ere sartzeko pausoak eman dira.
«Bilera mordo bat» egin behar dituztela iragarri du, eta horietan jatorri deitura berria nolakoa izango den definituko dute. Euroeskualdetik diru-laguntza bat jaso dute datozen 18 urteetan plan estrategikoa antolatu eta definitzeko. «Berri gehiago izango dituzue datozen hilabeteetan», esan du.
Mugak apurtu, produktua zabaldu
Lakuako Gobernuko Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburua den Amaia Barredok esan du aurtengo ekoizpena «konplikatua» izan den arren emaitza «zoragarria» dela. Aipatu du nazioartean euskal sagardoak gero eta harrera hobea duela, eta adibide bezala jarri du Japonian egin den froga. Bere ustez, Euskal Herri osora zabalduko den jatorri deitura berria baikorra izango da nazioartean ikusgarritasuna emateko. «Seguraski mugaz gaindiko mundu mailako lehen jatorri deitura izango da», esan du.
2025eko txoxt denboraldia aurkeztu dute Donostian. Aurtengo sagardoak kolore, gorputz eta usain gehiago du, uzta txikia izan delako; 1,3 miliou litro inguru ekoiztu dira. Etorkizunerako erronka herrialde guztiak elkartzea da. @EuskalSagardoa #euskalsagardoa #txotx pic.twitter.com/0cKVsuTvB9
— Nagore Belastegi Martin (@Belastegi) January 9, 2025
Amaia Zubeldia EuskalSagardoaren Ibilbidearen arduradunak kontsumo aukerak errepasatu ditu. «Historikoki, txotxaren helburua sagardo berriak probatzea zen, gero erosteko. Esperientzia hori gero eta zabalagoa da. 2025ean bisita gidatuak egingo dira ekoizpenaren atzean zer dagoen ezagutzeko, dastaketa gidatuak, herri kirol ginkanak enpresentzako, sagardo zuku tailerrak familientzako, txangoak...», zerrendatu du eskaintzen diren zerbitzuetako batzuk aipatuz.
Horiek guztiak internet bidez erreserbatu ahal izango dira. Sagardoa.eus webgunean, gainera, sagardotegietan mahaia erreserbatzeko aukera ere egongo da. Bilatzailearekin lurraldeka sailkatzen dira upeltegiak, eta lekua eta data aukeratu ostean, aurrerapen bat ordainduta, erreserba egiten da. Bestalde, ohiko sagardoaz aparte, upeltegietan zein online dendan sagardo bereziak zein sagar zukuak erosteko aukera dago.
Sagardotegietara modu erraz eta seguruan joateko, beste behin garraio publikoa indartuko dutela adierazi du Azahara Domingez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Gipuzkoako diputatuak. Era berean, gogoratu du txotx garaia ez dela asteburuetara mugatzen, eta astelehenetik ostiralera ere sagardotegiek eskaintzen dutenaz gozatzea posible dela.