INFO

U11ko aldarria datuetan: presoen %61ek 20 urtetik gora daramatza kartzelan

«Aski da» mezua nabarmendu du orriotan Joseba Azkarraga Sareko eledunak Bilboko manifestazioaren atarian. Datuek uste hori berresten dute: bi presok 30 urtetik gora bete dituzte jada giltzapean, 13 gehiagok 25 urtetik gora, eta 60k 20tik gora. Adinean aurrera doaz eta 14k gaixotasun larriak dituzte.

Euskal presoen gaur egungo egoera, mapa eta datuen bidez. (NAIZ)

Espetxe auzia gainditzeko «behin betiko» konponbidea eskatuko dute milaka eta milaka lagunek Bilbon larunbat honetan Sarek deitu duen mobilizazioan (17.00etan, Casillatik abiatuta). «Aski da», erantsi du Joseba Azkarragak ostegun honetan NAIZek argitaratutako elkarrizketan, kopuru argigarri batzuk eskainiz. Etxeratek, Sarek zein Sortuk darabiltzaten datuak bildu ditu NAIZek, egungo egoeraren argazki zehatza ateratzeko. Eta guztien artean bi nabarmentzen dira: batetik, jada espetxean pilatutako urteena, eta bestetik, hirugarren graduan edota baldintzapeko askatasunean egon beharko luketen presoena.

Argazki hori marrazten hasteko, 122 dira une honetan Etxeraten zerrendan agertzen diren presoak, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kide direnak hain zuzen ere. Beste dozena bat inguru ez daude horren barruan bilduta, arrazoi ezberdinak tarteko (batzuk jorratzen ari den lege bidearen aurka daudelako, beste batzuk bere kabuz jardutea nahiago dutelako...). Azken multzo hau ere aintzakotzat hartzen du Sarek bere kalkuluetan, nahiz eta egoera guztiz zehaztea zailagoa den, batez ere legearen bidea erabiltzen ari ez diren kasuetan.

Bi presok 30 urteak gainditu dituzte kartzelan eta, adinari dagokionez, hiruk 70 urte baino gehiago dituzte

 

Espetxealdiaren luzapenari dagokionez, aipatutako 122 horien artean 75 dira dagoeneko 20 urte baino gehiago giltzapean egin dituztenak. Hauetako bik 30 urteak ere gainditu dituzte kartzelan: Jose Mari Dorronsorok eta Unai Parotek (azken hau 35 urtera helduko da laster, 1990ko apirilean atxilotu zuten eta).

Beste 13 presok 25 urte baino gehiago daramatzate espetxean. Eta gainerako 60ek, 20 urtetik gora. Europar estandarrak erraz gainditzen dituzte hauek guztiek, baita bizi arteko zigorra araututa duten estatuenak ere, normalean epe horretara heldu aurretik birbaloratzen baita espetxealdiaren luzapena.

Adina eta gaixotasunak

Zigorren luzatze honek adinean eragin zuzena du, nola ez. Gaur egun hiru dira 70 urte baino gehiago izan arren Estatu espainolak kartzelaratuta dituen euskal presoak: Dolores Lopez Resina, Gregorio Eskudero eta Juan Manuel Intziarte. Joseba Arregi 78 urterekin izan dute espetxean, pasa den irailera arte.

Zazpi preso gehiago 65 eta 70 urteen tartean dira une honetan, Sortuk zehazten duenez. Hau kontuan harturik, giza-multzo osoaren batez besteko adina 50 urte inguruan egotea, Azkarragak aipatu duen bezala, ez da batere harrigarria. Gazteenak Galder Barbado eta Aitor Zelaia izan daitezke, 2023an kartzelaratutakoak; zerrenda honetan azkenak dira eta 30 urte baino gehiago dituzte jada.

Gauzak honela, gaixotasun larriak dituzten presoen kopuruak neurri berean egin du gora. Egun 14 dira, Etxeratek argitu duenez: 10 kasu ezagun daude eta 4 gehiago ez dira jakitera eman, presoek hala erabakita. Gaixotasun larriak dituztenen portzentajea %10etik gora dago, beraz.

Progresioak eta kokapena

Bigarren datu esanguratsuena hauxe izan daiteke: 49 presok (%40tik gora) zigorraren erdia beteta dute eta ondorioz hirugarren graduan egotea legokie, eta hauetatik 25ek, gainera, hiru laurdenak gainditu dituztelako baldintzapean aske izan bekarko lukete. Sarek egin du zenbaketa hau, europar irizpidearen aurka espetxealdiak luzatu dituen 7/2014 legearen aldaketak epe motzera eragin beharko lukeena kontuan harturik (oraindik ez da aplikatzen hasi).

Etxeraten datuen arabera, hau da gaurko egoera Estatu espainolean direnei dagokienez: 11 lagun hirugarren graduan dira; 30 espetxetik kanpo kontrol neurriak ezarrita (espetxealdi arinduan, gizarte zentro batean Ibon Iparragirren kasuan, hirugarren graduaren moduko formulazio berezi baten bidez...); eta 77 oraindik bigarren graduan, nahiz hauetatik 62 preso 100.2 artikuluak dakarren modu malguagoan ari diren espetxealdia betetzen.

Aurrerapen handiena zigorra betetzeko tokiari dagokionean gertatu da, jakina. 2023an amaitutzat eman zen 33 urtez luzatutako urruntze politika, eta honi esker gaur preso guztiak etxetik gertu edota bere hirian bertan dira.

Motel-motel jeitsi da kopurua 2008-09 urteetan goia jo zuenetik: urte hartan 750 baino gehiago ziren, ia guztiak urrun eta lehen graduan sailkatuta

 

Estatu frantsesetik hasita, Lannemezanen dira laurak, 300 kilometro ingurura: Javier Abaunza, Arkaitz Agirregabiria, Iñaki Esparza eta Mikel Karrera.

Euskal Herriko kartzela handiena izanik, multzo zabalena Zaballak hartzen du: 45 preso hain zuzen ere. Martutenen 25 dira, Basaurin –Bizkaian egon arren espetxe txikiena– 11 eta Iruñean 4. Gainerakoak kartzelatik kanpo dira, goian aipatu denez.

Argazkia osatzeko, 122 hauetatik 105 gizonezkoak dira eta 17 emakumeak.

14k 40 urte ezarrita

Bilakaera ikusteko urrutiko zein gertuko iraganari begiratu nahi bazaio, euskal presoen kopuruak 2008. urtean jo zuen goia, 750tik goiti zirelarik.

Ziklo politikoaren aldaketarekin batera jaisten hasi zen, baina motel-motel. 2014ko apirilean 500dik jaitsi zen, «Parot doktrinaren» deuseztapenak ekarri zuen bultzadari esker bereziki. 2019an 250ren azpitik kokatu zen kopurua. Eta egun oraindik 100etik jaisteko urruti samar dago kopurua, 7/2014 legearen aldaketak ekar dezakeenaren zain.

Arazo hau betikotu ez dadin beste lege bat da oztopo nagusia, edozein kasutan: 7/2003 delakoa, 22 urtez inolako aldaketarik gabe indarrean segitzen duena. Etxeratek zehaztu duenez, 14 presok dute espreski ezarrita espetxealdia 40 urtera luzatu beharko zaiela, Auzitegi Nazionalaren aginduz. Hala ere, Jose Maria Aznarrek asmatutako arau horrek bere osotasunean preso guztien gaineko eragina duela, era batera edo bestera, nabarmentzen du Etxeratek.