INFO

Zmare jatetxeari ez diola ikuskapenik egin onartu du Donostiako Udalak, EH Bilduren arabera

Donostiako Zurriolako pasealekuan dagoen Zmare jatetxearen auzia izan dute hizpide Udaleko Ogasun Batzordean. EH Bilduren arabera, udal Gobernuak onartu du «ez duela ikuskapenik egin» eta «ez dela espedienterik ireki».

Zurriolako pasealekuan dagoen Zmare jatetxea.
Zurriolako pasealekuan dagoen Zmare jatetxea. (NAIZ)

Donostiako Udaleko Ogasun Batzordera eraman du astelehen honetan EH Bilduk Zurriolako pasealekuan dagoen Zmare jatetxearen inguruko auzia, interpelazio baten bidez. Espainiar Gobernuaren Kostako Gipuzkoako Zerbitzuaren zuzendaritzak espedientea ireki dio establezimendu hori kudeatzen duen enpresari, bederatzi irregulartasun atzeman ondoren, horien artean espazio publikoa okupatzea bere negoziorako, eta legez kontra irabazitako 584.337 euroak itzultzeko eskatu dio.

Kerman Orbegozo EAJko Ogasun zinegotziak eman ditu azalpenak, eta hari entzun ondoren EH Bilduk berretsi du Udalean ez ela «espedienterik ireki emakidaren pleguetan ezarritako baldintzak ez betetzeagatik». Are gehiago, ordezkari jeltzaleak «aitortu du Ondare Sailari ez diola inolako ikuskapenik egiteko agindurik eman, ez Kostako Zuzendaritzak bederatzi arau-hauste egiaztatu eta espedientea ireki aurretik, ez ondoren».

Koalizioaren esanetan, zinegotziak adierazi du «ez dutela baztertzen» espediente bat irekitzea. «Nahikoa al da Zmare fede onez ari zela uste zutela esatea? EH Bildurentzat, ez», nabarmendu du. Indar abertzalearentzat, baieztapen horiek «adierazten dute iniziatiba eta ardura eza». Zentzu horretan, «deigarritzat» jo du «egiaztatzea, aitortu duen bezala, egindako errekerimenduak hitzezkoak baino ez direla izan, pasealekuko barandari lotutako aulkiak kentzeko errekerimendua salbu».

EH Bilduk deitoratu du «ez dituztela argitu nahi izan» bere interpelazioaren bidez mahai gainean jarri dituen zalantza guztiak, «eta estrategia, berriz ere, beren erantzukizunei aurre ez egitea dela».

«Ez da hori arretaz jokatzen duela baieztatzen duen Gobernu baten aldetik espero daitekeena», nabarmendu du.

Ricardo Burutaran zinegotzia harrituta mintzatu da sare sozialetan, udal Gobernuak hainbat galdera ez dizkielako argitu Ogasun Batzordean baina hala ere ondoren hedabide batean bestelako informazioa atera delako, xehetasun gehiagorekin.