Saski Baskonia Euroligan: motibaziorik ez dagoenean, nola bilatu liteke motibazioa?
Asteazkenean Anadolu Efesen aurka galdu eta gero, Euroligako hamar onenetan sartzeko aukera guztiak galdu zituen talde gasteiztarrak, baina Istanbulen beste hitzordu zail bati egin behar dio aurre ostiral arratsaldean, Fenerbahçe, Euroligako bigarren sailkatuaren aurka.
Vous n'avez plus de clics
Lehiatzeko arrazoirik eta motibaziorik ez dagoenean, nola lehiatu liteke? Kirolari profesionalak lehiakortasuna beregan du, baina ibilbidearen amaieran saririk ez badago, ez da erraza behar bezala prestatzea. Euroligako hamar onenen artetik at matematikoki geratu zen Saski Baskonia asteazkenean Anadolu Efesen aurka 92-76 galdu ostean.
Gasteiztarrek 13 garaipen eta 18 porrot pilatu dituzte 31 jardunaldiren ostean eta uneotan hamargarren postuan dagoen Paris Basketball taldeak 17 garaipen pilatzen ditu. Fase Erregularra amaitzeko hiru jardunaldiren faltan, jai dauka Pablo Lasoren taldeak. Datorren urtean egin beharko ditu aurten egin ez dituenak.
Baina Euroligak ez du barkatzen eta ostiral honetan beste jardunaldi bati egin beharko dio aurre talde arabarrak: Fenerbahçe Istanbulgo taldearen aurka, hain zuzen, 18.45etan hasita. Euroligako bigarren sailkatua da Saras Jasikevicius lituaniarrak zuzentzen duen taldea eta hamalaugarrena Saski Baskonia. Ezer onik atera ote lezake talde gasteiztarrak Ulker Sports and Evets Hall pabiloitik?
Etxetik kanpo, kale
Harrotasuna. Izaera. Nortasuna. Horra Saski Baskoniak munduari saldu dizkion bertuteak. Baina ez aurtengo Euroligan. Orotara 15 partida jokatu ditu etxetik kanpo talde gasteiztarrak eta bi baino ez ditu irabazi. Zer atarramendu da hori? Hamahiru porrot horietatik hiru baino ez dira izan bost puntu edo gutxiagogatik eta ia edozein neurketetan ikusi da gasteiztarrek nozitu duten erregulartasun falta larria.
Urrutirago joan gabe, Anadolu Efesen aurka pasa den asteazkenean partida parekatuta zeraman Baskoniak hirugarren laurdenaren azken aldera, 56na hain zuzen. Baina aldaketek erabat desorekatu zuten gasteiztarren lana. Moneke eta Donta Hall kantxaratu ziren Khalifa Diop eta Tadas Sedekerskisen lekuan eta supituki, arabarren barruko jokoa ahul azaldu zen, indarrik gabe turkiarren barruko jokoaren indarra geratzeko. Akordatzerako 11-3ko partziala erdietsi zuen Istanbulgo auzo europarreko taldeak laurdena amaitu baino lehen. Azken laurdena hasteaz bat, hamar puntuko langatik gora joan zen talde bien arteko aldea, eta azkenean, neurketa guztia estu xamar joan eta gero, irabazteko inolako aukerarik gabe esan behar izan zion neurketari Baskoniak.
«Galdutako baloietan eta defentsako errebotea bermatzeko orduan ahul aritu gara. Min handiegia eman digute», onartu zuen neurketaren amaieran Pablo Laso entrenatzaileak. Saskibaloi partidek 40 minutuko iraupena dute, baina 30etan baino ez ziren lehiakorrak izan gasteiztarrak. Eta hori, eskerrak orduan motibazio bat oraindik ere mantentzen zutela. Nola egingo diote aurre ostiraleko partidari, datorren astean Asvel Villeurbanen aurkako demari eta Fase Erregularra amaitzeko Milanon jokatu beharreko neurketari?
Lesioen erruz, azken asteetan Kamar Baldwin ez dago jokatzeko moduan eta Chima Moneke eta Donta Hall ere arazoekin ibili dira. Alabaina, fisikoa baino arazoa kontzentrazioa mantentzeko orduan erakutsi dute aipatu bi jokalariek. Kosta zaio Euroligako erritmora egokitzea, baina badirudi Trent Forrestek lortu duela azkenean lekua egitea eta Markus Howardekin hobeto konpontzea ere. Tadas Sedekerskis hegal-pibot postuan hobeto moldatzen da ere hegaleko bezala baino. Kosta zaio Saski Baskoniari, baina badirudi bidean aurrerapauso batzuek eman direla. Beranduegi, ordea, Euroligan ezer onik ateratzeko.
Azkenera arte
«Azkenera arte borroka egitea da gure betebehar nagusia», zioen Pablo Lasok asteazkeneko partida amaitu berritan. Euroligako titulua irabazteko kanporaketetatik at geratu dela jakitun, bere taldeak lehiakor izaten jarraitu behar du, klubaren itxura eta sailkapen nagusiaren araberako dirusaria jokoan daudelako. Baina horrek bakarrik motibatuko al ditu bere jokalariak?
«Bidean galdu diren partidak ikusi eta haiei buruz ‘balitz’ eta ‘balego’ esatea alperrik da. Gure helburua lehiaketa amaitu bitartean sailkatzeko borrokan jardutea zen, baina ez da posible izan. Nolanahi, lehiakor izan garen sentsazio hori izatea guretzat gauza garrantzitsua da eta horri heldu behar diogu falta diren neurketetan», bota zuen Pablo Lasok.
Eta ezin da ACB Liga ahaztu. Zortzi onenen artean sartzeko hamar jardunaldi dauzkate aurretik, garaiz dabiltza oraindik. Baina azkenerako etxeko lanak uzteak ez die ezer onik ekarriko. Beraz, Euroligako norgehiagokak ere orain garrantzia duen lehiaketan zentratzeko balio beharko die gasteiztarrei. Argi, dena dela, iaz ACB Ligako play-offetatik at geratu baitziren. Titulu bat irabazteko lehian murgiltzea nahikoa motibazio izango al da.