Josu Jimenez Maia
Idazlea

Berri Txarrak Polorentzat

Egia, batzuetan, paper zaharren artean agertzen da, beste batzuetan, abesti batean. Paper zaharren artean aztarrika, Iruñeko zinegotzi ohi Ignacio Polok sinaturiko orrialde menbretedun bat, duela hamalau urtekoa. Iruñeko Udalaren armarriaren azpian, erdara hutsezko gutun bat: Día Europeo La ciudad, sin mi coche! 2000. urtearen irailaren 22an ospatzeko dei-gutuna ez zuen segur aski Ignacio Polok berak idatziko, bere sinadura daukan arren. Nolanahi, irakurriko zuen, jakina, eta oinezkoen, txirrindularien, berebil ekologikoen eta garraio publikoaren aldeko aldarria egiteaz gain, hiri mugikortasunaz eta garraio publikoaren erabili beharraz hausnarketa egiteko dei suharra egiten zuen.

Orain dela hilabete batzuk, besteok Aberri Eguna ospatzen ari ginen bitartean, Ignacio Polok ere beste zerbait ospatuko zuen, zeren Iruñean bapo bazkalduta eta ederki berdindurik atera baitzen bazkal ondo luze batetik; berdindurik bai, baina, antza, ez oso orekaturik, udaltzain batzuek hari jarraitzea erabaki batzuten; Iruñeko Zezen Plazaren azpiko aparkalekuan, berea ez baizik eta udalaren autoa hartu, eta beste auto bat jo ondoren, komeriak izan zituen udaltzainekin; Ignacio Polo kargoduna, karga-karga eginda zegoenez, sesioa izan zuen. Dimisioa eman behar izan zuen, noski, eta hilaren 10ean epaituko dute Iruñean; geroak erranen zertan geditzen den.

Paper zaharren artean aztarrika, Concejal Especial de Tráfico y Transporte Igacio Polok bidalitako gutuna begien artean daukat, eta irakurtzen dudanean, lotsagabea, hipokrita, eta zinikoa hitzak datozkit burura... Garai hartan Barcina zen Iruñeko alkate andrea... Baten batek erran lezake Poloren auzia ez dela harritzekoa; izan ere, zinismoa da Barzinismo garaien ezaugarririk behiena. Harritzekoa ez, baina bai larritzekoa, aztoratzeko, haserratzeko eta salatzekoa; UPNko agintarien jokamolde ustelaz, nork bere ondorioak atera ditzala.

Día sin mi coche zioen Ignazio Polok, letra larriz erdara hutsezko gutunak, —euskararen gaineko ordenantzak urratuz bidenabar— gerora egia izanen zena Polok berak nahi gaberik. ‘Denbora da poligrafo bakarra’, Berri Txarrak taldearen disko berria; egia handia.

Recherche