Aimar Arrese-Igor Etxeburua
Euskaltzalea

Berrogei urte gehi bi urte berdin berrogeitabi urte, gehi... berdin... urte

Orain dela 2 urte edo prentsara bidali nuen artikulu bat izenburu honekin: "Eusko Jaurlaritzak zer egin dezake euskararen alde?". Besteak beste eskutitz horretan kexu agertu nintzen 40 urtetan ez nuela sekulan entzun bi ertzain, hiru ertzain edota (adibidez) lau ertzain haien artean euskaraz hitz egiten Donostian. Dagoeneko bi urte pasatu dira eta lehengo lepotik burua. Nik (egoera lotsagarri eta kezkargarri hori aldatzen joateko nire erantzunkizuna ez bada ere), hainbat hausnarketa idatzi nituen eskutitz hartan. Euskararen biziberritze protzesuan dudan esperientzia xumean oinarriturik, hainbat aholku idatzi nituen zegokionari kontuan hartzeko. Laburbilduz adierazi nuen hainbat urtetan goi mailako Lanbide Hezkuntzan hainbat klase eman nituela. Klase horiek askotan urte berean asignatura berberak euskaraz zein gaztelaniaz ematen nituela. Ildo horretatik, aipatu D ereduko ikasleen artean ikasle batzuk beti euskaraz hitzegiten zutela, beste hainbat ikasle ikaskide batzuekin euskaraz eta beste batzuekin gaztelaniaz. Bazeuden ere ikasle batzuk bakarrik irakasleekin berba egiten zutenak euskaraz. Aldiz gaztelaniaz asignatura berbera ematen nituen klasetan ikasleen artean %30-40 euskaldunak ziren (alegia euskaraz bazekiten mintzatzen) eta gainerakoak erdaldunak ziren. Gaztelaniazko klase horietan ikasleen arteko ia harreman denak gaztelaniaz izaten ziren bai euskaldunen artekoak, bai noski erdaldunen artekoak. Beraz oharturik, Donostian ertzainak binaka, hirunaka, edo launaka... egoten direnean beti gaztelaniaz entzun izanak pentsarazi zidan egoera horren eragiletariko bat izan zitekeela ertzaina izateko duten formazioa ia asignatura edota gai guztiak gaztelaniaz eman izana. Nik hausnartutako hau idatzi nuen eskutitza hartan. Bi urte pasa ondoren ikusirik egoera hau ez dela batere aldatu, animatu naiz Ertzaintzaren web orrian sartzera jakiteko zer duten idatzia ertzainen euskararen erabilpena handitzeko. Web orri horretan hainbat informazio daude herritar guztiek ikusi ahal izateko.

Adibidez badago ekitaldi bat, Ertzaintzaren goi mandatari batzuk zuzendu zutena Ertzain etxe batean 2023ko abenduaren 3a zela eta (euskararen nazioarteko egunean). Bertan, besteak beste, Ertzaintzaren goi mandatari batzuk zein kaleko hainbat ertzain hitzegin zuten euskarari buruz izan duten esperientziaz zein euskarari begira haiek dituzten jarrerak azalduz.

Kuriosoki orain dela bi urte nik prentsan proposatu nituen hainbat aholku (nik sekulan Arkauten egon gabe, inongo alderdi politikorekin berba egin gabe eta inongo ertzainarekin hitz egin gabe) ekitaldi hartan oihartzun bat izan zuten (nire aholkuek, nik esandakoak; ez noski nork esan zuen hori). Dirudienez aholku horietariko batzuk beraientzat erronkak izango dira.

Ekitaldi horretan (edota beraien web orrian dagoen idazkiren batean) esaten da Arkauten ertzaingai diren ikasleei eskaintzen zaizkien asignatura guztien %97 inguru gaztelaniaz izaten direla. Aipatzen da ere ertzaingai batzuei, alegia C1 Hizkuntza Eskakizuna egiaztatuta dutenei formazio klaseak euskaraz ematen zaizkiela. Horrekin batera aipatzen dute, ertzaingaiei ematen dizkieten ikasgaien artean asmoa dutela euskaraz gero eta asignatura gehiago emateko (gogoratu informazio zehatzagoa nahi duenak Ertzaintzaren web orrian sar daitekeela).

Bestetik web orri berean, besteak beste, aipatzen da 2018-22 urteen artean gauzatu zuten euskararen erabilpena handitzeko plangintzaren ebaluazioaren emaitzak. Nik plangintzaldi honi buruz bi gauza esan nahiko nituzke. Lehenegoa hauxea da: hainbat helburu bete diren edo ez jakiteko ez da egin ebaluazio sistematikorik (horrek suposatzen duenarekin). Bigarrenik, esaten zaigu ebaluazioaren momentuan ertzain guztien %61 inguru egiaztatu dituela 1. Hizkuntza Eskakizuna edo 2. Hizkuntza Eskakizuna. Zoritxarrez, ez digute esaten zein portzentaian egiaztatu duten 1. Hizkuntza Eskakizuna eta zein portzentaian 2. Hizkuntza Eskakizuna.

Euskararen erabilera Ertzaintzan handitzeko gaur egun indarrean dagoen Plangintza 2023-27 urteen artekoa da. Irakurri dut plangintza horretan web orrian idatzita dagoena. Hor idatzitako helburuak lortuko balituzte, balekotzat eman zitekeen plangintza, nire uste apalean.

Dena den, oso garbi ikusten dut gaur egun C1 Hizkuntza eskakizuna egiaztatzen duten ertzaingaiei formazioa euskaraz ematen badiete, euskarazko formazio hau ere eskeini beharko lieketela B2 egiaztatuta daukaten ertzaingaiei. Izan ere, ertzaina izateko eskatzen dituzten baldintzen artean bat da Batxilergoa edo haren baliokidea aprobatuta izatea. D ereduan Batxilergoa aprobatuta duten ikasleek euskararen B2 maila egiaztatutzat ematen diete automatikoki. Beraz, B2 Hizkuntza eskakizuna egiaztatuta daukaten ertzaingaiak formazioa euskaraz jasotzeko egoeran daude. Horrela eskainiko balitzaie, horrek euskararen erabilpenari mesedea egingo lioke.

Ertzaingaiei formazioa ematen dizkieten irakasleak, gaur egun ez badaude prestatuta klaseak euskaraz emateko, badute erreziklatzerik. Badaude bideak klasea eman bahar dutenak euskaraz klaseak emateko trebatuta izan daitezen. Ez al da egia derrigorrezko irakaskuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako zein unibertsitateko milaka irakasle trebatu eta gaitu direla euskaraz irakasteko?

Recherche