Jose Manuel Bujanda

Egunsentian

Garai haietan egin genituenak egin behar genituelakoan geunden. Asmo onenaz aritu ginen. Irailak 27. Bixar naiz Txiki. Ezin zaitut Jon Paredes Manot, Txiki, nola ahaztu. Gaur 49 urte tiroz tiro fusilatu zintuztela. Goizaren goizen, egunsentian dantza madarikatua, madarikatuen dantza, madarikatuek antolatutako dantza odoltsua. Frankismoaren azken hatsak, gaiztakeriaren borreroek tiro egin zizuten gupidagabeki bata bestearen atzetik. Zure ahotsaren abestia isil arazi arte, «Eusko gudariak gara Euskadi askatzeko gerturik daukagu odola bere aldez emateko». Ezin amaitu. Abestiaren bigarren zatia bihotzean eraman zenuen eternitatea deritzan une misteriotsu horretara. Ziur azken arnasa ihes ondoren izarrei jarraitu zeniela abesten bigarren zatia «Irrintzi bat entzun da mendi tontorrean goazen gudari denok ikurrinaren atzean». Nola jakin ilargiak entzun zuen zeure bihotzaren azken taupaden lekukoa abestiaren ondorengo «Gora Euskadi askatuta». Ni urruti, Irunako kartzelako zigor ziegetan gose greban, bezperan gauzatutako matxinada baten ondorioz. Garrasi lazgarri-krudela barroteetatik iheska belarriak zulatuz, zorigaiztoko mezu malapartatua: «Fusilatuak». Harridura, garunak ezin mezuaren muina. Arnas estua «Eusko gudaria» abesteari ekin. Ezin. Arnasak ezin abestu. Bihotzaren arnasak negarrari ekin. Ezin. Ia mende erdia egunsenti hartaz: Txiki burkide eta laguna, begi bustiak oraintxe.

Gaur-hemen etorkizuna jokoan dugu, eta argi utzi nahi dut gai hau nire lau bilobentzat, Noa, Natale, Eki eta Kairentzat. Jakin dezatela beraien etorkizun pertsonalean aitona «Joxek» pentsatzen zuena honi buruz. Damu dut huts egin izana, bide okerra aukeratu izanaz. Hasieratik oker geunden. Ez zait axola ni neu batzuentzat traidore izatea eta nitaz zer pentsatzen duten. Beti saiatu naiz koherentea izaten pentsatzen nuenarekin. Ahaleginak egin ditut nire ekintzak, pentsamenduak eta uste sendoak batera joan daitezen. Nire lau bilobek bere aitona Joxek (eta birraitona Inosenek) ezagutu, sufritu, negar egin dutena ez dezatela ezagutu inoiz. Hoberena desio dut Euskadirentzat. Pentsatzen dut identitate-sentimendu desberdinen arteko bizikidetzak elkarrenganako errespetua eta enpatxa izan behar dituela gidari eta patroi.

Gogoeta labur bat bakeari buruz, Txiki, burkide eta lagun. Bakea bilatzea guztion arteko errespetua eta gai guztien inguruan politika naturaltasun osoz onartzeak esan nahi du, inor kanporatu edo baztertu gabe, begirunez. Eta horretarako komunikabideetan, adibidez, ukatu egin beharko dira sektarismoa, alderdikeria eta deskalifikazioa, eta beste aldetik parte-hartzea, prestutasuna eta jarrera positiboak bultzatu behar. Bestearen iritzia bidezkoa dela aitortzeko prest egon behar dugu, eta diferentzia horretatik abiatuta, indarkeriarik gabeko etorkizunaren bilaketa horretatik abiatuta, gatazka ebazteko prozedura komunak onartu behar ditugu, inork bere proiektu legitimoari uko egin gabe. Inolako tranparik gabe. Eta guztion lana da.

70 urte ditut. Pena eta tristura, zeu bide hasieran geratu zinen. Ez zinen euskaldun fusilatu bakarra, borreroek Angel Otaegi hil zuten Burgosen. Aukera izanik, arren, esaiozu ez zaituztegula inoiz ahaztuko, beti bihotzetan lekua duzuela bizirik. Nago elkarrekin egoteko aukera izango dugula. Elkarrekin ginenean ez genuen nor ginenon izen abizenen berririk. Zuk nireak jakitetik, eta nik zureak, inoiz ez diogu elkarri irribarrerik bota. Konponduko dugu. Ametsa. Desioa. Irrintzia. Agur Txiki. Bixar.

Recherche