Jose Ignazio Ansorena

Eta gonbid-20 datorrenean? Covid-19aren aukera

Baliatuko al dugu norabide aldaketa benetakorik egiteko? Ez dut uste, munduko buruzagiak, boteretsuak, itsuak eta neurririk gabe ase ezinak direlako, eta agintari politikoak, haien morroi. Hala ere, azkenean, Covid-20, edo 21 edo 22 direlakoek berriro euren buruak gugana etortzen gonbidatzen dituztenean, amore eman beharko dugu. Begiak ixteak ez baitu errealitatea ezkutatzen.

Franco Donostiara etortzen zenean udako oporrak egitera, urtero txandaka Udalak eta Aldundiak gala afaria eskaintzen zioten. Sarreran eta amaieran txistulari munizipalen taldeak jo behar izaten zuen, udaltzain, mazolari eta banderadunek inguratuta. Hauek denek ere afaldu egiten zuten ondoko gela xaxtar batean, baina, garrantzitsua gerra ondorengo gose garai haietan, menu berbera. Isidro Ansorena gure aitonak, urtero etxetik haruntza abiatzean, bederatzi semealaben matraka bera entzun behar izaten zuen: «Aita, etxeko partez jan». Eta denetan erantzun bera ematen: «Neurria mantendu behar kontu guztietan, baita neurrian beran ere».

Covid-19ak bere burua gure arteko afarira gonbidatu aurretik, jarduera sozial gehienetan neurritik kanpo genbiltzan. Orain, gonbidatu (edo covidatu) malapartatu honek noizbait alde egingo duelakoan, adituak agertzen hasi dira han-hemenka etorkizuna antolatzeari buruz hizketan. Burbuila barruko adituak gehienak, Covid-19aren aurretiko ekonomian adituak. Ez zaizkigu interesatzen. Aditu unibertsalak behar ditugu. Mundua urrutitik begiratzen dutenak, ilargitik gutxienez. Horrela zomorro honek ekarri digun aukera berria aprobetxatu ahal izango dugu.

Unibertsoko indarrik handiena inertzia da. Ez dago, edozein arlotan, kontu zail eta nekosoagorik inertziari aurre egitea baino. Eta gure inertzia zein zen birusaren bisitaren aurretik? 1) Eredu sozioekonomikoa gaien sorkuntzan oinarritu ordez, neurririk gabeko gorabehera finantzarioetan eraikitzea, magia antzeko diru jokuetan. 2) Neurririk gabe kontsumitzea eta oso era txarrean banatzea denon artean sortutako aberastasuna. 3) Hazkundea kontsumoarekin identifikatzea. Turismoa, egungo tankera neurrigabean, hortxe sartzen da: ehundaka miloi pertsona korrika batetik bestera munduan barrena Giocondaren aurrean edo mendi gailurrik altuenean argazkia egiteko, oso kaltegarria da denontzat. Eta inozoa. Norberaren barruko bidaia ez dago hegazkin buelta askorekin ordezkatzerik. Orain boladan dago esaera: aurrenekoa, osasuna. Zehaztutako jokabide horiek kalte egiten diote guztion osasunari.

Hitz batean, gizarte dekadentea gara, neurriak ahaztuta, zuloan behera doana. Covid-19aren agerpenaren aurretik ere. Inperio eta beste antolamendu sozial askori gertatu zaie munduko historian eta desagertu izan dira. Ez beti kalterako.

Empire State eraikineko terrazatik kalera erortzen ari denari, leiho garbitzaile batek, ikustean, garraisi egin dio: «Horixe muturrekoa hartu behar duk». Eta besteak beherako bidean erantzun: «Gorroto dizkiat igarleeeaaaaak!». Guri ere, muturrekoa iragarri digute, aspalditik eta hamaika mila aldiz, baina, entzungor ari gara.

Baina garai bateko marrazki bizidunetan bezala gertatu zaigu, ezusteko aukera. Protagonista xelebrea, Bugs Bunny edo, amildegitik behera jausten ari dela, bat batean airean gelditu eta, egoeraz konturatuta, ero moduan korrika hasi da goraka. Horixe guri ere. Uste eta nahi ez genuela, aukera etorri zaigu. Etetea ezinezkoa zen ustez, halabeharrez gelditu behar izan dugu eta atzera egin. Hara, posible zen!

Baliatuko al dugu norabide aldaketa benetakorik egiteko? Ez dut uste, munduko buruzagiak, boteretsuak, itsuak eta neurririk gabe ase ezinak direlako, eta agintari politikoak, haien morroi. Hala ere, azkenean, Covid-20, edo 21 edo 22 direlakoek berriro euren buruak gugana etortzen gonbidatzen dituztenean, amore eman beharko dugu. Begiak ixteak ez baitu errealitatea ezkutatzen.

Zaldibarko zabortegian gertatutakoa zetorrenaren iragarpen modukoa izan zen: alferrik ezkutatzen aritu ginen zaborra gure gainera erori. Ez dago beste aukerarik: gutxiago kontsumitu eta produzitu behar, neurrian. Eta etekinak era justuan banatu, neurrian. Nahi ez arren, ikasiko dugu. Edo desagertu. Hau ere ez da aukera txarra. Neurrikoa.

Recherche