NAIZ.INFO
BAIONA

Hizkuntza Gutxituen Ituna berresteko lege proposamena bihar idatziko dute diputatuek

Estatu frantsesak Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna berretsi dezan lege proposamena bihar eramango dute Asanblea Nazionaleko lege batzordearen aurrera. Urtarrilaren 22tik aurrera eztabaidatuko dute.

Deiadarrek deituta euskararentzat lege bat aldarrikatzeko Baionan egin zen manifestazioa. (Nicolas MOLLO)
Deiadarrek deituta euskararentzat lege bat aldarrikatzeko Baionan egin zen manifestazioa. (Nicolas MOLLO)

Frantziako Asanblea Nazionaleko lege batzordera eramango dute bihar Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna berresteko lege proposamena.

Abenduaren 10ean aurkeztu zuen PSk eurokarta berresteko proposamena. Horretarako, Konstituzioari artikulu bat gehitzeko asmoa dute eta bihar idatziko dute.

Behin idatzita, urtarrilaren 22tik aurrera eztabaidatuko dute Asanblea Nazionalean

ELEN-EBLUL hizkuntzen berdintasunerako sare europarrak lege proposamena izenpetu duten dIputatuei gutunA igorri die, besteak beste, Colette Capdevielle eta Sylviane Alaux Ipar Euskal Herriko PSko diputatuei. Gutun horretan, lege proposamenaren klausula interpretatiboak kentzeko eskatzen diete, beraien iritziz klausula horiek «eskualdeko hizkuntzak bizi sozialetik baztertzea eta desagerraraztea bakarrik» ekarriko dutelako, «Eurokartaren helburuen aurka».

Klausula horien artean dago, besteak beste, zerbitzu publikoetan frantsesaren erabilpenaren betebeharra ezartzea.

ELEN-EBLULeko kideek diputatuei «erne egoteko» eskatu diete, Estatu frantsesean «hizkuntzen aniztasunaren printzipioa errespetatua izan dadin, beste Europako Estatu anitzetan bezala».



Klausularik ez izateko, ELEN-EBLUL sareak 53-3 artikulurako proposamen bat egin du: «Errepublika frantsesak 1992ko azaroaren 5ean Estrasburgon onartutako Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Gutuna berretsi dezake».


Hizkuntza Gutxituen Ituna berresteko indar politiko bakoitzak proposamen bat egingo du, baina Asanblea Nazionala eta Senatua PSren esku daudenez, sozialisten proposamena aterako dela pentsa daiteke.

Kartaren berresteak beharrezkoa duen Konstituzioaren aldaketa egiteko Jean-Marc Ayrault lehen ministroak hautatu duen bidea aurreikusten zenaren ezberdina da, izan ere lege proiektua izan beharrean lege konstituzionalerako proposamena izango omen da.

Bi bideek Asanblea Nazionalaren eta Senatuaren onarpena behar badute ere, Gobernuak eginiko lege proiektua izango balitz Parlamentuak eta Senatuak bozka bakarra egingo lukete eta ekimena onartzeko botoen hiru bosten beharko litzateke.