Juan Mari Mariezkurrena hernaniarra atzeman du gaur arratsaldean Ertzaintzak. NAIZek jakin ahal izan duenez, bere etxean atzeman dute, Auzitegi Gorenak ezarritako zigorra betearazteko. Ondoren Martuteneko espetxera eraman dute.
Mariezkurrena 2010ean atxilotu zuen Guardia Zibilak Hernanin, Jose Camacho, Josune Balda eta Euri Albizurekin batera.
Ondoren, Eider Zuriarrain eta Xabier Atristainekin batera izan ziren epaituak guztiak, eta Auzitegi Nazionalak 7 urte eta erdiko zigorra ezarri zion hernaniarrari.
Mariezkurrena 2013ko maiatzean atxilotu zuten berriro zigorra betetzeko. Ondoren, baina, aske geratu zen 20.000 euroko fidantzapean.
Auzitegi Gorenak azken ebazpena eman zuen orain egun batzuk, eta Ertzaintzak etxean atzeman du espetxera bidaltzeko.