NAIZ
MADRIL

Auzipetzea prentsa askatasunaren aurkako erasoa dela salatu dute Topatuko hiru kazetariek

Topatu.info atariko hiru kazetarik inputatu gisa deklaratu dute gaur Auzitegi Nazional espainoleko Eloy Velasco epailearen aurrean. 2013ko martxoko Gazte Danbadaren baitan egin zen ekitaldi politikoaren inguruan informatzeagatik «terrorismoa goratzea» egozten zaie.

2013ko martxoan Urduñan ospatu zen Gazte Danbada jaialdiaren baitan burututako ekitaldi politikoaren inguruan informatzeagatik Topatu.info atariko hiru kazetari Auzitegi Nazional espainoleko Eloy Velasco epailearen aurrean izan dira gaur, «terrorismoa goratzea» egotzita.

Hiru kazetariek adierazi dutenez «prentsa askatasunaren aurkako erasoa» da auzipetzea eta halaxe salatu dute epailearen aurrean. Topatu egitasmoaren defentsa ere egin dute.

Inputatuak izan zirela jakin zutenetik jaso duten berotasuna eskertu dute eta aurrerantzean ere «oraina kontatzen» jarraituko dutela nabarmendu dute.

Urduñako ekitaldi politikoan, egun haietan zendu zen Xabier Lopez Peña euskal presoa izan zuten gogoan eta, ondorioz, Ernai antolakundeko sei kide eta Periko Solabarria inputatu gisa deklaratzera deitu zituen Auzitegi Nazionalak.

Topatuk ere ekitaldiaren inguruko hainbat bideo ezabatzeko agindua jaso zuen, eta bete ezean webgunea ixtearekin mehatxu egin zieten.