@GARA_rpascual
BILBO

Urtarrilak 8.036 langabe gehiago utzi ditu Hego Euskal Herrian

Aurreko hilabeteko datuekin alderatuta, 8.036 pertsona gehiago zeuden urtarrila bukaeran Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda, Enplegu Ministerio espainolaren arabera. Guztira, 221.593 langabe daude Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan.

Pertsona bat, Lanbideren bulego batean sartzen, Bilbon. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Pertsona bat, Lanbideren bulego batean sartzen, Bilbon. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Enplegu Ministerioak kaleratutako datuen arabera, langabeziak gora egin du urtarrilean Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan. Urtarrila bukaeran, abenduan baino 8.036 lagun gehiago zeuden enplegu bulegoetan izena emanda. 

Lau herrialdeotako dautuak aintzat hartuta, 221.593 langabe zeuden urtarrila bukaeran.

Gutxien, Gipuzkoan hazi da langabezia (+%3,36), abenduko datuekin alderatuta. Hilabete bukaeran 1.547 pertsona gehiago zeuden lan bila, guztira 47.554 zirela.

Iazko datuekin konparatuta, aldiz, %2,59 jaitsi da langabe kopurua (1.262 pertsona).

Nafarroan, abenduan baino 1.642 pertsona gehiago zeuden lan bila urtarrila bukaeran (+%3,44), eta guztira 49.428 dira langabeak. 2014ko datuekin alderatuta, jaitsiera %7,03koa izan da (3.735 lagun).

Arabari dagokionez, abenduko datuekin konparatuz, %3,84 egin du gora urtarrilean langabe kopuruak, hau da, 1.033 pertsona (27.964 lagun guztira). Hego Euskal Herriko lurralde bakarra da aurreko urteko datuekin alderatuta igoera izan duena, %0,83 hain zuzen (231 pertsona). 

Bizkaia izan da urtarrilean igoerarik nabarmenena izan duen herrialdea, %4,11 gora eginda (3.814 pertsona). 2014ko datuen aldean, %1 egin du behera langabe tasak (975 pertsona). Orotara, 96.674 pertsona daude Bizkaiko enplegu bulegoetan izena emanda.

Estatu mailan, 77.980 langabe gehiago zeuden urtarrila bukaeran, abenduko datuekin konparatuz. Hala, 4.525.691 pertsona ari dira lan bila. Aipatzekoa da EAEn eta Nafarroan izan direla igoerarik nabarmenenak.