NAIZ
DONOSTIA

Malandain Ballet Biarritzen ‘Magifique: Tchaikovski suites’ ikuskizuna Donostiara itzuliko da

Malandain Ballet Biarritz konpainia ’Magifique: Tchaikovski suites’ obrarekin itzuliko da bere sorlekura, Donostiako Victoria Eugeniara, abuztuaren 1 eta 2an.

Malandain Ballet Biarritzen prentsaurrekoa Donostian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Malandain Ballet Biarritzen prentsaurrekoa Donostian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Biarritz-Donostia Koreografia Zentro Mugakidea proiektuaren barnean sortu zen Victoria Eugenian joan den abenduaren 12an, eta zortzi hilabeteren ondoren, Malandain Ballet Biarritz dantza konpainiaren ‘Magifique: Tchaikovski suites’ obra toki berera itzuliko da. Ikuskizuna abuztuaren 1 eta 2an egingo dute, 20.00etan, udako programazioaren barnean.

‘Magifique: Tchaikovski suites’ Marius Petipa koreografoaren eta Piotr Illich Tchïkovsky konpositorearen elkarlanean sortutako ikuskizuna da, eta ‘Loti Ederra’, ‘Intxar-hauskailu’ eta ‘Beltxargen lakua’ suiten zati batzuk ditu oinarri: «Ez da hiru ballet horietako istorioen irudikatzea, ikuskizun bakoitzarekiko ikuspuntu pertsonala da ‘Magifique: Tchaikovski suites’».

«Beste mota bateko jendea» erakartzea dute helburu, eta espero dute ikuskizunak beste hainbat tokitan lortutako arrakasta izango duela hemen ere bai.

Era berean, prentsaurrekoan berri eman dutenez, konpainia Euskadiko Orkestrarekin batera ‘Ederra eta Piztia’ obra lantzen ari dira, Donostia 2016ren esparruan aurkezteko. Estreinaldia Versaillesen izango da abenduaren 10, 11 eta 12an, eta bigarren antzezpena Donostiako Kursaalen otsailaren 3 eta 4ean.