@arianekamio
Donostia

‘Esna’, Esne Beltza taldearen lanik berriena

Disko bikoitza da Esne Beltza talde hernaniarraren berriena. Abenduaren 11tik aurrera lehenengo CDa jarriko da salgai eta bigarrena 2016ko udaberrian kaleratuko da. ‘Sueños de color’ abestia da estreinako singlea.

Esne Beltza taldeko kideak, ‘Esna’ lanaren aurkezpenean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Esne Beltza taldeko kideak, ‘Esna’ lanaren aurkezpenean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Azken argitalpena bitan banatu du Esne Beltzak. Taldeak dituen kontzertu zerrenda luzea dela-eta, zaildu egiten zaie lan oso bat une bakar batean kaleratzeko aukera. Hori da, hain zuzen, ‘Esna’ proiektu berria bitan banatzeko erabakietako bat. Zortzi kantutako lehenengo CDa abenduaren 11n aterako da salmentara –lehenago Durangoko Azokan egongo da eskuragarri– eta bigarrena 2016ko maiatza aldera kaleratuko da.

Estilo desberdinak batu dituzte lehenengo lanean, kunbia, reggaea, porrusalda eta baita runba bat ere. Hain zuzen, El Canijo de Jerez eta La Pegatinako Rubenekin elkarlanean egindako ‘Sueños de color’ dute estreinako single. Elkarlaneko zerrendara batu dira ere Rude, Green Valleyko Ander edo Zoo talde valentziarreko Panxo. Urteetan manager lanetan izan duten Amaia Apaolazaren heriotza ere gaitzat hartu dute kantuetako batean.

Abenduaren 7an zuzenekoa eskainiko dute Durangoko Plateruena Kafe Antzokian diskoan parte hartu duten hainbat kolaboratzailerekin batera. Viana Rock jaialdian ere izango da taldea abenduaren 12an. Disko berriarekin soilik bi emanaldi horiek aurreikusi dituzte epe laburrean. Iragarri dutenez, hurrengo martxora arte ez dute kontzertu gehiagorik eskainiko.