NAIZ
SOPELA

Sopelan izandako eraso sexista baten aurkako kontzentrazioa deitu dute

Sopelako Udaleko Bozeramaleen Batzordeak kontzentrazioa deitu du igande honetan (12.00) herrian bart izan den eraso sexista salatzeko. Gaur gauerako (23.00) manifestazioa deitu du jai batzordeak.

Bart gauean Sopelan izandako eraso sexista salatzeko elkarretaratzea deitu dute igande eguerdirako udaletxe aurrean. 

Udaleko Bozeramaleen Batzordeak ahobatez onartu duen gaitzespenean erasoa jasan duen andreari elkartasuna adierazi die. Erasoa salatu eta euren haserrea azaldu dute talde guztiek. «Gaitzetsi egiten ditugu emakumeak errespetatzen ez dituzten jarrera guztiak, hasi keinu eta jarrera sexistetatik eta eraso muturrenekoetara». Gertatu dena argitzeko ikerketa azkarra eskatu dute eta herritarrei deia «ez daitezen geldi eta isilik egon eta eraso sexisten konplizitate keinu guztiak arbuiatu ditzatela».

Gauerako (23.00) manifestazioa deitu du jai batzordeak udaletxetik hasita «Eraso sexistarik ez!» lelopean.