NAIZ
GASTEIZ

Gasteizen ere galdeketa egin ahal izateko boluntarioak bilatzeari ekin dio Gure Esku Dagok

4.500 sinadura jaso zituen Gure Esku Dagok Gasteizen erabakitzeko eskubidearen alde eta orain 300 boluntario topatzeari ekin dio 2018an hiriburu arabarrean galdeketa egin ahal izateko. 

Irailarekin bat hurrengo ikasturteari begira lanari ekin dio Gasteizen ere Gure Esku Dagok eta bideo honen bidez hiriburuan galdeketa egin ahal izateko lanerako deia egin du. 2018an Gasteizen herri galdeketa bat egin ahal izateko prozesuan lan egiteko deia egin dute, 300 pertsona elkartu nahi dituzte lan honetarako eta eposta helbide eta telefono bana eman dituzte esku kolpe bat emateko prest dagoenarentzat (672283038 / gasteiz@gureeskudago.eus).

Maiatzean emandako urratsaren segida da honakoa, orduan 4.500 sinadura aurkeztu zituzten jai giroko ekitaldi batean. Kopuruaz harago «mezua hiri guztira iristea» dela helburua nabarmendu zuten orduan. Sinadura bilketarako baliatu zuten adierazpen hark Euskal Herria «herri anitza» dela zioen eta erabakitzeko eskubidea gauzatzeko «akordio sozial zabal» baten beharra dagoela. «Hitzetatik ekintzetara» pasatzeko unea denez «aurrera egiteko modu bakarra galdetzea da, eta horrela gizartea ahalduntzea», zioen azken puntuan adierazpen hark. 

Antzeko bidean ari den beste hiriburu bat Donostia da. Ekainean iragarri zuen bere asmoa, 8.000 bat sinadura bildu nahi dituzte prozesuari ekiteko.

Hurrengo galdeketak, azaroaren 5ean

Herriz herri Gure Esku Dagok sustatu dituen galdeketen dinamika honetan hurrengo hitzordu nagusia azaroaren 5ean da. Besteak beste galdeketak izango dira Getxon, Galdakaon eta Andoainen.