@iontelleria
BARTZELONA

Mercabarna ia geldirik eta garraio publikoa gutxienekotan lehen orduan

Greba eta geldialdi orokorrerako deiak erantzun zabala izan duela dirudi Bartzelonako bi eremu erabakigarritan. Garraio publikoa; trenak, autobusak eta metroa, gutxieneko zerbitzuetan izan dira eta hiriko merkatu nagusia, Mercabarna, ia geldirik.

Fira tren geltokia, Mercabarna eta aireportura bidean.
Fira tren geltokia, Mercabarna eta aireportura bidean.

Garraio publikoko zerbitzuak eta Mercabarnak bat egin dute oro har gaurko deitutako herri geldialdian. Metroa eta autobusak kudeatzen dituen TMBk adierazi duenez 9.30ak arte trenen %25a soilik ari da joan etorrian eta 17.00etatik 20.00etara ere maiztasun horrekin jardungo dute, gainerako orduetan «litekeena da inolako zerbitzurik ez izatea» diote geltokietako panelek. Lehen orduan arazo dezente sortu ditu honek Espanya plazan, adibidez, tren bakoitzean jendetza batu delako hiriburu kataluniarrera bidean.

Mercabarnaren kasuan alderantziz. 5.30-7.30 tartean jendetza batu ohi da eta merkatu nagusi honetako geltokian zegoen langile batek esan digunez «ez da ia jenderik ibili. Lehen trena hartu dut nik eta beti lepo etorri ohi da, gaur aldiz erdi hutsik zegoen».

Merkatuaren barnean ere mugimendu gutxi, enpresari eta langileek adostu zuten geldialdiarekin bat egitea eta bart gauetik ia dena itxita egon da. Goizean fruta eta barazkien zonaldea ia hutsik topatu dugu, «horiek orain hasten dira eta begira, dena itxita dago», esan digu bulegoetan lan egiten duen emakume batek. 8.30ak inguru ziren eta beste adibide agerikoa dozenaka banaketa furgoneta eta kamioi aparkatuta zeudela merkatuaren eremuaren barnean.