Juanba Berasategi kulturgunean egindako agerraldian, Pasaiako udal langileek Gipuzkoako Auzitegiak Amaia Agirregabiria eta Iker Rokandiori ezarritako zigorraren inguruko irakurketa.
Iragan irailean kaleratutako ebazpenean, bi urte eta erdiko espetxe zigorra eta zazpi urteko inhabilitazioa ezarri zien auzitegiak, Agirregabiria alkate ohiak (Bildu) eta Rokandio idazkari izandakoari, justiziari traba egitea egotzita.
Langileek azpimarratu dutenez, «ez gara sindikatuetako ordezkariak eta eta ez alderdi politikoetako ordezkariak». «Isilik geratu nahi ez dugun udal langileak gara, ikusita nola gure alkate izan zen Amaia eta gure lankide izan zen Iker kartzelara sartuko dituzten».
Nabarmendu dute ez diuztela kondenatu «euro bakar bat lapurtzeagatik» edota «patrika betetzeko beren intereserako aritu direlako». «Amaia eta iker kondenatu dituzte –esan dute– okertu egin zirelako batere ezagutzen ez zuten emakume baten eta udaltzainen artean gertaturiko trafiko liskar batean bitartekari lana egiteko garaian».
Udal langileek argi utzi nahi izan dute, Agirregabiria eta Rokandioren helburua zela «liskarra auzitegietatik ateratzea eta denentzat egokia izan zitekeen akordio batera heltzea».
Gaineratu dutenez, «okertu egin ziren, udaltzainek beraiek hala eskatuta, agiri bat egin zutelako udaltzainei deklaratzera ez joateko eskatzen ziena». «Baina emakumea isuna ordainduta libre ateratzeko bi udaltzainei auzitegira ez joateko agintzeagatik bi urte eta erdirako kartzelara sartuko dituzte. Nola da posible? Ez dugu ulertzen», azpimarratu dute.
Biek egindako lana nabarmentzeaz gain, babesa adierazi diete eta iragarri dute erresistentzia kaxa bat sortuko dutela bi familiak diruz laguntzeko. Agirregabiria eta Rokandio kartzelara joan ez daitezen eskatzeko antolatzen diren ekimen guztiekin bat egiten dutela ere adierazi dute.