‘Biluzik’ bildumak haurrei sexualitatearen gaia gerturatzeko balioko du, jaiotzen garenetik hil arte bizitzen dugun zerbait delako. Adituek diote sexualitatea ikasi beharreko gauza bat dela, eta Elkar argitaletxeak Pirritx, Porrotx eta Marimototsen laguntzarekin haur txikientzako liburuak egitea pentsatu zuten pertsonai kuttun hauen istorioak horretarako lagungarri izango direlakoan. Horretarako, Uxue Alberdi eta Mitxel Murua idazleen testuetaz baliatu dira.
Hala, ‘Porrotx ispiluan’ liburuan ile urdineko pailazoak ispiluarekin jolasean dagoela bere gorputza deskubrituko du eta, mutila denez, zakila duela. Marimototsek, ordea, bere gorputza laztanduz gozatuko du ‘Marimotots errekan’ liburuan. ‘Pirritx titia ematen’-ek amatasunaren gaia jorratzen da; Pirritxek bere bikiak elikatzen gozatzen du, eta Pupu eta Lorek amaren tititik jaten. Bihurri txiki horiek dira azken liburuaren protagonistak, ‘Pupu eta Lore zilipurdika’. Hondartzan, jolasean, neska edo mutila izateari garrantzia kenduko diote.
Bosgarren liburu bat ere aurkeztu dute, haur nagusiagoentzat eta aniztasuna dauka gaitzat. ‘Zazpikoloroa’ mundua kolorez betetzen duen hegazti baten inguruko abentura bat da. Belekoi gaiztoak mundu zuri-beltza nahi du eta Zazpikoloroaren arraultza lapurtzen du, jaiotzen denean koloreak barreiatu egingo direlako. Pirritx, Porrotx, Marimotots, Pupu, Lore eta Patakon pirata arraultza salbatzeko arriskuan jarriko dira.