Euskal Konfederazioak bere sostengu osoa agertu dio pasa den ekainaren 26an Uztaritzeko Herriko Etxeak euskara hizkuntza ofizial izendatzeko hartutako erabakiari eta Ipar Euskal Herriko gainontzeko udalei bide hori jarraitzera gonbidatu die. Zentzu horretan hauteskundeen karietara Baterak eginiko galdeketan euskararen alde ziren 64 auzapezei dei berezia egin die.
Erabakia hartu bezain pronto, suprefetak deliberoa auzitegietara eramateko asmoa agertu zuen eta bide hori «onartezina» litzatekeela nabarmendu du.
Euskara herriko hitzkuntza ofizial izendatzearen garrantzia azpimarratu du Konfederazioak. «Lurralde hizkuntzen berreskurapen osorako frantses legedia aldatzea beharrezkoa izan arren, ezinbestekoa da ere neurriak gaurdanik tokiko instituzio eta administrazioetan hartzea».
EH Bai koalizio abertzaleak ere deliberoa «txalotzekoa» dela adierazi du eta gaineratu du: «Bide horretatik segitu behar da, euskararen aldeko urratsak emaiten».