NAIZ
DONOSTIA

Ikasle Abertzaleen Eskola Ibiltaria, abuztuaren 13tik 15era, Ziburutik Donostiara

Ikasle Abertzaleek antolatzen duten Eskola Ibiltaria abuztuaren 13tik 15era egingo da aurten, ‘Mugarik gabeko eskola’ lelopean. Formakuntza eta jaia tartekatuko dituzte, Ziburutik Donostiara.

Eskola Ibiltariaren azken edizioa Lezon egin zen, 2010ean. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)
Eskola Ibiltariaren azken edizioa Lezon egin zen, 2010ean. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)

Ikasle Abertzaleek Eskola Ibiltaria ekimenaren 12. edizioa antolatu dute abuztuaren 13tik 15era. «Gaur egungo hezkuntza ereduarekin apurtu eta kalea hartuz ‘Mugarik Gabeko Eskola’» eraikiko dute hiru egun horietan, «muga bakarrak guk geuk, hezkuntzaren protagonista garen ikasleok, jartzen ditugunak izanda».

Euskal Eskola Nazionala irudikatzeko ekimen honi festa ere gehituko diote eta, hala, Ziburutik Donostiara jaia eta formakuntza tartekatuko dituzte. Bi gau Hendaian eta Lezon igaroko dituzte eta han emango dute aurrera egitarauaren zati handi bat. Eskola Ibiltarian Euskal Herriko iparraldearen eta hegoaldearen muga ere apurtu nahi dute modu horretan, «frantziar eta espainiar estatuek hein handi batean hezkuntza arrotz inposatuaren bidez eraikitakoa».

Aurtengoa Eskola Ibiltariaren 12. edizioa da, azkenekoa 2010ean antolatu zuten Lezotik Oiartzunera.

Antolakuntza errazteko izena eman beharko dute parte hartzeko asmoa dutenek, www.ikasleabertzaleak.org/eskolaibiltaria webgunean. 20 euro kostako da izen-ematea.