NAIZ
BILBO

Langile bat hil da Bilbon, etxebizitza batzuen eraikuntzan

Bilboko Arangoiti auzoan eraikitzen ari diren etxebizitza batzuetan lan istripua izan da eta langile bat hil da, dumper ibilgailu batek azpian harrapatuta.

Dumper ibilgailua iraulita, istripuaren ostean. (@Goikodeustu)
Dumper ibilgailua iraulita, istripuaren ostean. (@Goikodeustu)

Bilboko Arangoiti auzoan lan istripua izan da gaur goizeko 9.30ean eta langile bat zendu da, Lakuako Segurtasun Sailak azaldu duenez.

Ezbeharra etxebizitza batzuen eraikuntza lanetan gertatu da. Langile bat materialea deskargatzen ari zen dumper motako ibilgailu batetik baina maldan zegoenez eta balazta guztiz eman gabe, makina mugitzen hasi da. Behargina ibilgailura igo da geldiarazteko baina hau irauli egin da eta azpian harrapatu du, heriotza eraginez.

Hildakoa 49 urteko Barakaldoko bizilaguna da. Construcciones Ribaga enpresako langilea zen eta EXBASA enpresarentzat azpikontratatua zegoen.

ELA, LAB, STEE-EILAS, Hiru eta EHNE sindikatuek elkarretaratzea deitu dute bihar 11.00etan Deustuko San Pedro plazan, heriotza salatzeko. CCOOk ordubete beranduago egingo du kontzentrazioa, toki berean.