NAIZ
BILBO

Hezkuntza sistema propio baten aldeko aldarria kalera aterako dute urriaren 11n

ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek, Ikasle Abertzaleak, Sortzen, Udako Euskal Unibertsitatea eta Hik Hasi Eragileek, Hezkuntza Plataformen Topagunearekin batera, mobilizazioak egingo dituzte urriaren 11n, LOMCEren aurrean hezkuntza sistema propio bat aldarrikatzeko.

‘Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! LOMCEri ez! Inposaketei ez!’ lelopean, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean mobilizazioak egingo dituzte sindikatu eta hezkuntza eragileek datorren urriaren hamaikagarrenean.

Azpimarratu dutenez, hezkuntzak «berebiziko garrantzia» dauka «norbanakoaren eta herri baten garapenean» eta, hortaz, eskubide unibertsala dela eta lehentasun soziala behar duela nabarmendu dute.

Ildo horretan, adierazi dute Euskal Herrian Estatu frantses eta espainolaren esku dagoela hezkuntza eta hauek «beren behar eta nahien» arabera garatu dutela salatu dute.

«LOMCEri ez esaten diogunean azken hamarkada luzeetan inposaturiko hezkuntza lege eta erreformei ezetz esaten diegu ere», esan dute.

Gobernu espainolaren hezkuntza erreformari aurre egiteko eragile guztien «inplikazioa eta konpromisoa» beharrezkoa dela azpimarratu dute.

Ikastetxe, herri eta eskualde desberdinetan LOMCEren aurkako plataformak sortzen ari direla ere eman dute jakitera.

Horrez gain, hezkuntza erreformari aurre egiteko gomendio eta abarrekoak biltzen dituen gida ere osatzen ari dira.

Aipatu mobilizazioak bide horren abiapuntu baino ez dela izango argi utzi nahi izan dute. «Gure hezkuntza eredua eraikitzeko bidean urratsak emateko hautua egin dugu. Hau guztia maila pertsonalean hasi eta modu kolektibo batean garatu arte», azaldu dute.