NAIZ
GASTEIZ

Konpromisoak batzera deitu dute ehunka lagunek Gasteizen epaiketa gehiago izan ez dadin

‘Herritarron martxa’ izenburuarekin mobilizazio berezia egin dute ehunka herritarrek Gasteizen. Epaitu berri dituzten 28 gazte independentisten absoluzioa eskatu dute, hiriburu arabarrean izan diren desobedientzia ekimenak gogoratu dituzte eta apiekta gehiago izan ez dadin konpromisoak batzera deitu dituzte herritarrak.

Manifestazioaren burua Gasteizen. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Manifestazioaren burua Gasteizen. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Gasteiz kolore laranjaz, zapiz, puxikaz, kamioiez, musikaz, antzerkiz, musikaz eta ehunka herritarren oihuz jantzi dute arratsaldean epaiketa politikoen aurka. ‘Herritarron martxa’ deitu diote ekimenari eta konpromisoak batzera deitu dituzte herritarrak, epaiketa gehiago izan ez dadin. Epaitu berri dituzten 28 gazte independentisten absoluzioa eskatu dute eta desobedientziara deitu dituzte herritarrak epaiketen aurka.

Berezia izan da hasieratik amaierara martxa. Zapi laranjak lepotik zintzilik Artium parean egin duten lehen zita. 28 gazte independentisten aurkako epaiketaren amaiera izan da martxa orain deitzeko arrazoia eta 28 horietako ia denek, espainiar poliziek atxilotutako denek, sufritutako torturen salaketa izan dute abiapuntu antzerki batekin.

«Konpromisoak batuz, epaiketak gelditu!» zioen pankarta hartu dute hainbat sumariotan auzipetutako herritarrek eta herri harresien aldeko oihuak izan dira nagusi lehen urratsetan. Manifestazioaren aurretik musika zeraman kamioia jarrita epaiketen aurkako eta gazte auzipetuen aldeko oihuak egin dituzte bertan bildutakoek.

Bidean zehar hainbat geldialdi izan ditu mobilizazioak, lehena 40 gazte independentisten aurka iaz izan zen epaiketara agertzeari uko egin zioten Goizane Pinedo eta Unai Ruiz Pou agertu ziren lekuan. Bien irudia zeraman pankarta bat jarri dute bertan. Hurrengo geldialdia El Corte Ingles inguruan izan da, Ekaitz Samaniego atxilotu zuten lekuan. Bere espetxeratzea salatu dute bertan.

Modu alaiean jarraitu du mobilizazioak gabon argien artean, nahiz eta epaiketen aurka hedatu duten ke laranjak argi hauek neurri batean estali. Bidean Jagoba Apaolaza bertsolariak hip hop erritmora jardun du, epaitu egin zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean bertsotan esandakoengatik.

Mandarinekin Espainiako Auzitegi Nazionalaren irudi baten aurkako kolpeak ere izan dira. Ekitaldian Ekaitz Samaniegoren amak eta epaiketa amaitu berri duten auzipetu arabarrek hartu dute hitza. Amaiera modu berezian eman diote, Hertzainak taldearen ‘Pakean utzi arte’ abestiaren moldaketa berezi batekin.