Bideo-erreportajea
2013ko ekainaren 15ean Miarritzen egindako ekitaldi jendetsuan Euskal Herrian ireki den aro berriari ekarpen propioa egin zion Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak. Bere proposamenean helburua inoiz berriz iheslaririk ez egotea dela zioten, salbuespen neurri guztiak indargatzea galdegin zuten, etxetik urrun egoera larrienean diren kasuak askatzea eta «egia osoa» kontatzea. Bide horretan, iheslariak sorterrira itzultzeko garaia zela esan zuten.
«Herria dugu arnas» lelopean egin zen ekitaldi hura, eta baita haren jarraian emandako urratsak ere. Aldarri horri helduta, sorterrira itzultzeko, iheslarien aferari konponbidea aurkitzeko, bidea herritarren babesa zela azpimarratuta, aurtengo martxoan Arrangoitzen baieztatu zuten erabakia: «Gaurko egunetik aurrera, gure sorterrietako kaleak betetzen hasiko gara».
Martxoaren 22a zen hura eta hurrengo ostirala, hileko azkena, berezia izan zen presoen eskubideen aldeko ohiko azken ostiraleko elgarretaratzeetan. Iheslarien etxeratzeen lekuko izan ziren kontzentrazio horietan zirenak Donostian, Arrasaten, Zarautzen, Zestoan, Zegaman, Ataunen, Galdakaon, Santurtzin...
Hurrengo aste eta hilabeteetan irudi bera errepikatu da beste hainbat herri eta auzotan, 100 inguru baitira etxeratzeko bideari ekin dioten iheslariak, kolektiboaren laurden bat inguru. Ipar Euskal Herrian bizi direnak gehienak baina baita konfinamentua edo deportazioa eten eta etxeratzeko hautua egin dutenak ere, urruneko erbestea atzean utzi dutenak; orain dela 40 urte ihes egin zutenak eta azken hamarkadan egin dutenak. Ez dira denak, ehun pauso eman dituzte iheslariek berandu baino lehen, behinola joan ziren den-denak itzul daitezen.