Kontseiluko idazkari nagusi den Paul Bilbaok, euskalgintzako beste hainbat ordezkarirekin batera, Iruñean emandako prentsaurrekoan Nafarroan ematekoa den euskararen legearen moldaketan ˜aldaketatxoekin» ez direla konformatuko azpimarratu dute. Bihar eztabaidatu behar zuten gaia Nafarroako Parlamentuan, baina duela 10 egun zendutako PSN-ko parlamentari zen María Victoria Arraizaren kargua beste norbaitek hartzeraino atzeratu dute.
Bilbaok gogorarazi du «28 urte Nafarroari bere izana aldatu nahian» daramatzatela. Legearen moldaketa honekin, aldiz, uste du aldaketak izango direla eta aukera berriak irekiko direla «nafarrei haiena dena itzultzeko». Defendatu duenez, haien apostua euskararen aldeko normalizazioa «indartzea» da, «ikastetxe publikoetan lerroak irekiz eta ikastolak indartuz».
Zentzu honetan, «oso neurri txikiko proposamena» dela iritzi dute, beste neurririk gabe indar gutxi izango lukeena. Horregatik, argi azaldu nahi izan dute «aldaketatxoekin» ez direla konformatuko. Hau dela eta, «lege berri bat» beharrezkoa dela adierazi du Kontseiluko idazkari nagusiak.
Era berean, «euskararen normalizazioa erraztuko» duen hizkuntza-politika bat beharrezko ikusten dute, eta honen aldera nola pausoak eman argitzeko, datorren apirilaren 25ean ekitaldi bat burutuko dute Iruñeko Anaitasuna kiroldegian.