NAIZ
gasteiz

Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra (EIJO) aurkeztu dute

Ikasleen artean musika modernoa sustatu eta lantzeko helburua duen Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestraren (EIJO) sorrera aurkeztu dute. Getxo, Gasteiz eta Donostiako jazzaldietan eskainiko ditu lehen kontzertuak, heldu den udan.

Cristina Uriarte sailburua, Saitua, Ugarteburu eta Ibarrondorekin. (Raúl BOGAJO/ARGAZKI PRESS)
Cristina Uriarte sailburua, Saitua, Ugarteburu eta Ibarrondorekin. (Raúl BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Cristina Uriarte Lakuako Gobernuko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestraren (EIJO) egitasmoa aurkeztu du. EAEko musika kontserbatorioen eta musika eskolen arteko lankidetzatik sortutako proiektua da eta ikasleen artean musika modernoa sustatu eta lantzea du helburu, jazz bertsioan. Angel Ugarteburu EIJOren koordinatzailea eta Getxo, Donostia eta Gasteizko jazzaldien zuzendariak, Iñaki Saitua, Miguel Martin eta Alberto Ibarrondo, izan ditu lagun Uriartek aurkezpenean.

Ikasleen Jazz Orkestrak, hain zuzen ere, hiru jaialdi horietan eskainiko ditu lehen kontzertuak, heldu den udan.

Uriartek azaldu duenez, Kultura Sailak jazz eta musika modernoa ikasi ahal izateko bidea ireki du profesional mailako musika ikasketen curriculumaren barruan eta jazz musika eta modernoa ikasi nahi duten ikasleen interesei erantzuna emateaz gain, goi mailan sartu nahi duten ikasleei oinarrizko hezkuntza bat eskaintzen zaie.

EIJO Jazz Big-Band batean oinarritzen da, talde horri dagozkion haize-egur, haze-metal eta perkusio instrumentuekin. 23 ikaslek osatzen dute, guztiak Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako kontserbatorio eta musika eskoletako ikasleak.