NAIZ

Udazkeneko arrakasta urte osoko ohitura bihurtu nahi du Errigorak

Sasoitik sasoira ekoizle gehiagoren parte hartzearekin eta kontsumitzaileen areagotzearekin auzolanean oinarritutako merkaturatzean indartzen ari da Errigoraren ekimena. Pasa den udazkenean 12.000 saski banatu zituzten eta gaurtik aurrera oliba olio birjinaren banaketari ekingo diote. Ia bikoiztu egin dute iazko hedapena eta 50 herritan eskuratu ahalko da Nafarroa hegoaldeko olioa.

Nafarroa hegoaldeko ekoizleak eta bertako euskalgintza indartzeko bidean urrats sendoa eman zuen udazkenean Errigorak, lehenaren 12.000 saski banatu zituen Euskal Herri guztian eta 151.000 euro lortu zituen euskararen alde. Urtean behingo arrakasta hori urte osoko ohitura bilakatzeko bidean egin nahi du herri ekimenak aurrera, ordea, eta neguaren azken txanpan oliba olio birjina banatuko du.

Iaz 30 herritan egin zuten banaketa, 30.000 litro izan ziren guztira. Aurten, 50 herritara zabaldu dute eskaintza. Gainera, norbere herrian eskatzeaz gain (ikusi mapa), internetez ere egin ahalko da Errigoraren webgunearen bidez. 5 litroko ontziak dira, 20 euroan konbentzionala eta 28an ekologikoa.

Kontserbak maiatzean

Martxoaren 4a arte izango da olioa eskatzeko aukera. Maiatzean, kontserben eskariari emango diote bide. Iaz 50.000 kontserba ontzi banatu zituzten Euskal Herri guztian eta aurten emaitza hori hobetzea dute helburu.

‘Eskutik eskura’ lelopean garatu ohi du Errigorak kanpaina bikoitz hau, helburua nafar hegoaldeko ekoizpenak eskutik eskura banatzea baita, bitartekaririk gabe, eta modu horretan ekoizlearen jatorrizko prezioan eskainiz produktuak.