Algecirasko espetxean bisitak egin ondoren Euskal Herrirako bidea hartzera zihoazenean –Puerto eta Sevillako espetxeetako presoen senideak biltzera zihoazen lehenago–, Guardia Zibilak gelditu egin du autobus bat.
Bertan zen pertsona batek NAIZi azaldu dionez, une horretan autobusean zihoazen zazpi lagunak identifikatu ditu Guardia Zibilak. 20 bat minutuz izan dituzte geldi kontrolean.
Ondoren, arazo gehiagorik gabe jarraitu ahal izan dute bidaiarekin.
Zuerarako martxa
Beste alde batetik, Iñaki Bilbao presoa bisitatzeko antolatu duten martxa ezin izan dute nahi bezala bukatu Lemoako herritarrek.
Izan ere, azaldu dutenez, espetxera iritsi aurretik autobusa gelditu du eta miaketa zorrotza egin du. Kasu honetan ere bidaiari guztiak identifikatu dituzte.
Espetxera iristeko baimenik eman ez eta etxerako bidea hartzera derrigortu dituztela gaineratu dute eta, ondorioz, pertsona batek preso lemoaztarrari egin behar zion bisita ezin izan duela egin salatu dute.