@arianekamio
Donostia

Lehen poema liburua kaleratu du Mikel Antzak, espetxean ondutakoa: ‘Ametsak ere zain’

Réau-ko espetxean ondu du Mikel Antzak bere lehenengo poema liburua, ‘Ametsak ere zain’, kartzela, askatasuna, heriotza eta barne bizipenak ardatz dituena.

Gorka Arrese, Eneko Olasagasti eta Jon Benito, Mikel Antzaren liburuaren aurkezpenean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Gorka Arrese, Eneko Olasagasti eta Jon Benito, Mikel Antzaren liburuaren aurkezpenean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Gorka Arrese, Susako editorea, Eneko Olasagasti zinegilea eta Jon Benito idazlea izan dira gaur Mikel Antzaren liburuaren aurkezpena burura ematearen arduradunak. Antza idazle ondua bada ere, lehena du hau poemaren alorrean, eta ‘Ametsak ere zain’ du izenburu.

Poema errekak baliatu ditu preso idazleak bere ideien hezurdura emateko. Poema gordinak, gogorrak, heriotza eta kartzela gai nagusi dutenak, baina leunak era berean, «maitasunezko poemak» ere bai baitira, Antza beraren hitzetan. Eskutitz bidez egon da sortzailea present Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan egindako aurkezpenean. «Ulertzen den poesia idatzi nahi izan dut. Ez dut dena murtixkatuta eman ordea. Eta, seguruena, hainbat pasarte ilun edo ulertezin gertatuko zaizkio irakurleari. Hemen barruan sentitzen den desolazioa bere sakontasunean behar bezala azaltzeko trebezia handia behar da. Bart, ohean etzanda, ‘sabai zurian pentagrama zurtzak’ ikusi ditut. Gure zerua infernu arin bat da», esaten du eskutitzean.

Azken hamar urteetan osatutako poemak dira liburuan biltzen dituenak, nahiz eta amaitu azken hilabeteetan egin duen. Izenburuordetzan, ‘Garaitu gabeen balada’. Arreseren aburuz, «badu kantuzko estruktura bat, obra melodiko baten traza». Sei poema luze orotara, erreka moldeak baliatuta. Luzeak baina arinak.