@Maider Iantzi
DONOSTIA

DBHrako Eki proiektu digitala prest dago nahi duten ikastetxeentzat

Ikaselkar argitaletxeak bertze pauso bat eman du euskal hezkuntzaren garapenean laguntzeko ikasmaterialen edizioan: heldu den irailerako ikastetxeen esku egonen da DBHrako Eki proiektuaren bertsio guztiz digitala. Badira bi urte Eki hainbat ikastola eta eskolatan erabiltzen ari dela. Euskal Curriculuma, konpetentzien lanketa eta integrazioa oinarri dituen eredu pedagogiko berri eta berritzailea da, hemengo argitaletxe batek, Elkarrek eta Ikastolen Elkarteak osatzen duten Ikaselkarrek, euskaraz sortua.

Eki digitalaren aurkezpena. Ezker-eskuin, Mikel Arrizabalaga, Josu Arotzena, Dani Maiza eta Jabier Larrañaga. Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS
Eki digitalaren aurkezpena. Ezker-eskuin, Mikel Arrizabalaga, Josu Arotzena, Dani Maiza eta Jabier Larrañaga. Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS

Ikaselkar argitaletxeko arduradunak, Dani Maiza eta Mikel Arrizabalaga, eta Eki proiektu digitalarekin lanean dabiltzan bi ikastolatako ordezkariak, Jabier Larrañaga Elgoibarko Ikastolako zuzendaria eta Josu Arotzena Oiartzungo Haurtzaroko IKT arduraduna, bildu dira gaur goizean Donostiako Elkar aretoan. Beren helburua Eki digitala erabili nahi duten ikastetxe guztientzako prest dagoela iragartzea izan da. Hortik aitzinera, ikasleak ilargitik ekarri eta hodeietara bidaltzen ari den egitasmo zirraragarri baten berri ematen hasi dira, jendartearen beharrei erantzuten diena eta ikaslea ikasketa prozesuaren protagonista bilakatzen duena.

2008-09 ikasturtean du Ikaselkar argitaletxe gazteak bere lehen mugarria. Orduan Euskal Herriko ikastetxe gehienek elkarrekin derrigorrezko eskolaldirako Euskal Curriculuma eraiki eta onetsi zuten. 2011n sortu zuten Ikaselkar Ikastolen Elkarteak eta Elkar argitaletxeak, eta 2013-14 kurtsoan Eki proiektua kaleratu zuen DBHrako, hau da, 12 eta 16 urte arteko ikasleentzat.

Irailean hasiko den ikasturte berrian bertze jauzi bat emanen dute, Eki erabat digitala plazaratuz. Ikastetxe ugaritan erabiltzen ari diren Eki proiektu bera da –Euskal Curriculuma garatzen du, konpetentziak landu eta integrazioaren pedagogia sustatu– baina laugarren hanka bat gehituta, jendartean eta, bereziki, gazteengan hain zabalduta dauden IKTen onurak.

Hala, ikastetxeei aukera emanen diete proiektu guztiz digitala martxan jartzeko edo nahiago badute paperezkoa eta digitala konbinatzeko. Aurkezpenean azpimarratu dutenez, teknologia tresna bat da eta garrantzitsua proiektua da. Ekirekin, eskura ditugun eta etengabe aldatzen doazen teknologiak helburu batekin erabiltzen dira. Adibidez, egoera erreal eta esanguratsuetan jartzen dira aldiro ikasleak eta ikasitakoa irtenbideak aurkitzeko erabiltzea bilatzen da. Ikasteko, komunikatzeko eta lanak partekatzeko erabiltzen dute teknologia, eta irakasle eta ikasleen arteko feed-backa ikaragarria dela diote.

Elgoibarko eta Oiartzungo ilusioa

Adierazgarria izan da Eki digitala bi urtez probatu duten bi ikastetxetako ordezkariek ze irribarrerekin azaldu duten bizitzen ari direna. DBH 1 eta 2. mailetan lan egin dute orain arte proiektu honekin eta desiatzen daude 3. eta 4. mailan emanen dituen emaitzak ikusteko. Onura pedagogikoa sumatu dute jada, baita ilusioa ere ikastoletan, badakitelako «lehenago edo geroago besteek hartuko duten bidea» dagoeneko egiten ari direla, «etorkizuna izango dena hemen dagoela». Erran dutenez, jendartearen gibeletik doa hezkuntza eta, oraindik atzerago, administrazioa. Baliabideak eskatu dizkiote honi.

Bai Larrañagak eta bai Arotzenak adierazi dute hasieran zailtasunak izan zituztela baina arazorik gabe gainditu dituztela eta irakasle, ikasle eta familiak gustura daudela. «Honek ez du atzera bueltarik», baieztatu dute.

Abantailen artean erosotasuna aipatu dute; dena dago «hodeian» edo plataforman konexioa dagoen edozein lekutatik eskuragarri eta, gainera, eguneratua. Gelaren antolaketa, edukien trataera, ebaluazioa eta irakasle-ikasle rolak ere aldatuz doaz. Finean, teknologiarekin eta, batez ere, pedagogiarekin, gela irauli nahi dute. Horretarako dute Eki.