Hondartzetara eraman dute igande honetan Etxerat elkarteko kideek sakabanaketaren kontra eta gaur egungo espetxe politikaren kontrako aldarria. Hondartzak jendez gainezka izan dira eguerdian bero itzela egin baitu eta Etxerat elkartetik azaldu dutenez, etxeko zein kanpotik etorritako udatiarrei ez dituztela presoak, exiliatuak eta deportatuak ahazten adierazi nahi izan dute. Ildo horretan, une honetan 428 preso daudela etxetik urrun sakabanaturik salatu dute.
Donostian burutu du ekitaldi nagusia Etxeratek. Eguerdiko 12.00etan, Nautikotik abiatuta, La Perlaraino giza-katea osatu dute, bidean sakabanaketaren mapa banatuz.
Josune Dorronsorok adierazpenak egin ditu bertan eta sakabanaketa baino preso eta senideen kontrako «suntsipen» politika bat dela egungo espetxe politika salatu du.
Gipuzkoatik atera gabe, Deban eta Orion ere antolatu dituzte mobilizazioak. Eta Bizkaiari dagokionez, Lekeition, Ondarroan, Mundakan eta Ean ere egin dituzte ekimenak. Plentzian, berriz, arratsaldean egingo dute.