NAIZ
BEIJING

Jamaikar gizon eta emakumeak nagusi 100x4-ko saioetan

Pareko gutxi dute jamaikarrek lasterka gaur-gaurkoz eta Munduko Txapelketan erakutsi dute berriz ere gaur. Emakumen laukoteak eta gizonenak, bi taldeek urrea lortu dute AEBen garaiko nagusitasuna bazter utziz. Munduko errekorra deklatoian lortu du lehen ere bazuenak, Ashton Eatonek 9.045 puntu lortuta.

Jamaikar gizonezkoen laukotea garaipena ospatzen. (FRANCK FIFE  | AFP)
Jamaikar gizonezkoen laukotea garaipena ospatzen. (FRANCK FIFE | AFP)

Jamaikarrak dira gaur-gaurkoz munduko azkarrenak eta hala erakutsi dute Munduko Txapelketan, 100x4-ko saioan gaurkoan. Gizonezkoetan eta emakumezkoetan, bietan jamaikarrak nagusi. 100 metroan eta 200ean urrea bazuen Usain Boltek, hirugarren kolpea Nesta Carter, Asafa Powell eta Nickel Ashmeaderen laguntzarekin lortu du.

Bigarren posturako lehian ziren AEBak, baina kanporatu egin dituzte lekukoaren hirugarren aldaketa behar zuen eremutik kanpo egin dutelako. Txinak hartu du zilarra eta Kanadak brontzea.


Jamaikar nesken laukotea urrea irabazi ostean.

Zilarrari emakumeen 100x4-koan eutsi die AEB-ek, jamaikar taldearen nagusitasunari ezinbestean men eginda. Ez alferrik azken erreleboan Shelly-Ann Fraser-Pryce txapeldun bikaina zuten karibearrek, 100 metroan hirugarrenez munduko txapeldun izan berria. Bere azken bulkadaren beharrik gabe irabazi du Jamaikak urrea, gainera, lanak eginda eman baidiote lekukoa txapeldunari Veronica Campbell-ek, Natasha Morrisonek eta Elaine Thompsonek. Trinidad Tobagok lortu du hirugarrenaren domina.

Diskoa, 5.000 metro, 800 metro, altuera jauzia

Beste bost final ere izan dira gaur. Gizonezkoen diskoaren jaurtiketan Piotr Malachowskik lehen urrea eman dio Poloniari 67,40 metroko jaurtiketa lortu ostean.

Lasterkako saioetan gizonezkoen 5.000 metrokoan urrea Mo Farah Britainia Handiko korrikalariarentzat izan da. Emakumezkoen 800 metrokoan, berriz, ezustekoa eman du Marina Arzamasova Europako txapeldunak. Bidearen laurden batean atzetik izan dituen Melissa Bishop kanadiarra eta azken Munduko Txapelketan urrea lortu zuen Eunice Sum keniarra atzean utzirik.

Emakumezkoen altuera jauzian Maria Kuchina errusiarrak lortu du urrea 2,01-eko jauzia eginda.

Errekor berria dekatloian

Horien ostean iritsi da dekatloi saioko azken proba, 1.500 metrokoa izan da eta bertan Ashton Eaton (AEB) bere errekorra gainditzeko gai izan da, juxtu-juxtuan izan arren 9.045 puntu lortu ditu. Aurreko lanetan 100 metroak 10,23-ko denboran egin zituen, 7,88 metro luzera jauzian, pisu jaurtiketan 14,52 metrora iritsi zen, 2,01 metro altura jauzian eta 400 metroak 45 segundoan bete zituen. Hesidun 110 metroko lanetan 13,69 segundo behar izan zituen bigarren egunean, diskoa 43,34 metrora jaurti zuen eta pertigarekin 5,20 metroko muga gainditu zuen. Azken lanetan, jabalina 63,63 metrora jaurti du eta gaurko 1.500 metroak 4.17.52-ko denboran bukatu ditu (4.18.25etik behera egin behar zuen errekorra lortzekotan).