NAIZ
AGURAIN

Agurainen ospatuko da 2016ko Araba Euskaraz ‘Geroari begira’ lelopean

2016ko ekainaren 19an ospatuko da Araba Euskaraz eta Aguraingo Lautada ikastolak antolatuko du. ‘Geroari begira’ lelopean egingo da euskararen aldeko jaia. «Euskara gure egunerokotasunean dago, gure orainaldia da eta gure geroa izango da», adierazi dute.

Aguraingo Lautada ikastolak 2016ko Araba Euskaraz aurkeztu du. (@arabaeuskaraz)
Aguraingo Lautada ikastolak 2016ko Araba Euskaraz aurkeztu du. (@arabaeuskaraz)

Aguraingo Lautada ikastolak antolatuko du 2016ko Araba Euskaraz eta ‘Geroari begira’ lelopean ospatuko da datorren ekainaren 19an. Gaur egin dute aurkezpena eta gogora ekarri dute, 2010ean antolatu bazuten ere, «indar eta gogo berriekin» egingo diotela aurre.

«Euskara gure egunerokotasunean dago, gure orainaldia da eta gure geroa izango da», adierazi dute. Zentzu honetan, «harro» agertu dira «hainbeste oztoporen gainetik ikastola eraikitzeaz». 74 familia, 250 ikasle eta 35 langilek osatzen dute ikastola.

Hauetaz gain, herriaren eta gertukoen elkarlana eskatu dute. «Norantza guztietako elkarlana behar dugu, bai ikasle, langile, kultura eragile, artistak, artisauak... arlo guztietan denok batera tira egiteko».

Gaur egungo lanak geroan duen garrantzia azpimarratuz antolatuko dute aurtengo ekitaldia: «Egunean eguneko lanaren xedea geroari begira dago, gaur ereiten ari garen ale horiek geroan fruitu izan daitezen. Gure seme-alaba eta ikasleak euskaldun, indartsu, kritiko, autónomo, eta ez sexistak nahi ditugunez, orain egiten ari garena gero, izango ditugun helduak ikusiko ditugu eta gizartearen parte garrantzitsua izango dira, gizartea eraikitzeko gai izango direlakoan hezitu nahi ditugu, gehitu dute.

Aguraingo AEK izango da omendua

Haurren hezkuntza euskaldunaz gain, hizkuntzan helduek duten garrantzia nabarmendu nahi dute Lautada ikastolako arduradunek, eta hau dela-eta, aurtengo omendua Aguraingo AEK izango da.