NAIZ

Euskaldun berriak eta erabiltzeko deia, Euskararen Egunean

Hamaika ekimen izango da batean eta bestean Euskararen Nazioarteko Egunaren harira. Lakuako Gobernuak euskaldun berriak omentzeko baliatuko du eguna eta Euskaltzaleen Topaguneak euskararen erabilera izango du ardatz. Diasporan ere hainbat ekimen antolatu dituzte gaurko egunaren harira.


Euskararen Eguneko ospakizunak aurreratu egin dira hainbat herritan, goian Elgoibarren pasa den larunbatean egin zuten lipduba.

‘Euskarak 365 egun‘ aldarriari eta ‘ErabiZi’ leloari helduta ospatuko dute Euskaltzaleen Topagunearen baitan ari diren elkarteek gaurko eguna. Euskaraz bizitzeko hautua egiteko deia du ardatz aldarriak eta eragile ezberdinen elkarlanarekin ekimenak izango dira Arrasaten, Errenterian, Durangon, Gasteizen eta Getxon, besteak beste (AGENDAn denak). Nabarmentzekoa euskara hutsez ari ohi diren hainbat tokiko hedabidek gaur gazteleraz argitaratu dutela ale berezia, euskaraz ez dakitenei euren lanaren berri emateko (Herri aldizkariak gazteleraz PDFn).

Nafarroako Gobernuak Adierazpen Instituzionala onartu zuen atzo eta lehen aldiz ekitaldi ofizialetan parte hartzeko erabakia jaso zuen bertan. Gobernuak «euskara normaltasunez erabiltzea ahalbidetzeko konpromisoa» duela nabarmendu zuen. Gaur arte gaztelera hutsez zituen hainbat zerbitzu, Twitter kontua adibidez, euskaraz ere eskainiko ditu Nafarroako Gobernuak. Kasu honetan, Euskararen Eguna izateaz gain Nafarroaren eguna ere bada eta Urrezko Domina Jose Maria Jimeno euskaltzaleak jasoko du.


Ondarroako Udal Euskara Batzordearen bideoa, bertako euskaldun berriekin

Lakuako Gobernuak, Foru Aldundiek eta Donostia, Bilbo eta Gasteizko udalek euskaldun berriak aitortu eta goraipatzeko baliatuko du eguna. Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak idatziriko artikuluan, «euskaldun berriari egin diezaiokegun oparirik onena» euskaraz aritzea dela nabarmendu du. Hauen ekarpena «aitortu eta goraipatzeko» egun egokia dela dio eta euskarak euskaldun berriak behar dituela «hazten eta sendotzen jarraitzeko». Gasteizko Legebiltzarrean antolatu dute eguneko ekitaldi instituzional nagusia, iluntzean Donostiako Tabakaleran izango da ekitaldia.


Poziktibityren ekimenaren bideoa

UEMAk euskaldun berriei aitortza egiteaz gain hauek «sortzen jarraitzeko bitartekoak» behar direla adierazi du gaurko egunaren harira. Josu Labaka lehendakariak sinatutako gutunean, «erabaki ausartak hartzeko eta dirua horretara bideratzeko garaia» dela adierazi du. Euskara ikasteko doakotasunaren beharra azpimarratu du Labakak.

Euskal Herrian Euskarazek «egotetik egitera» pasatzeko deia zabaldu du, euskaldunak iniziatiba hartu behar duela eta hori komunitate moduan egin behar dela nabarmenduz.

Diasporan ere bai

Euskal Herrian ez ezik, diasporan ere hamaika ekimen izango da gaurko egunaren harira. Montevideon, adividez, larunbata arte hamaika ekimen antolatu dituzte. Gaur iluntzean hasiko dira Euskal Erria esuko etxean. Hainbat libururen aurkezpenak, filmak eta jai giroko ekimenak antolatu dituzte (egitaraua). Berlinen, Moskun, Birminghamen, Boisen eta Bartzelonan ere ospatuko dute gaurko eguna.