NAIZ
ELIZONDO

Aroztegiako afera konpontzeko herri galdeketa bat proposatu dute

Aroztegiako aferari irtenbide bat topatze aldera, Baztan mailako herri galdeketa bat proposatu du ‘Aroztegia... eta gero zer?’ plataformak. Nafar Gobernuari PSISa gelditzeko eskatu iote eta galdeketaren epeak, baldintzak eta galderak adosteko mahai baten beharra nabarmendu dute.

Lekarozko Aroztegia jauregia, urbanizazio proiektua burutu nahi den lekua. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Lekarozko Aroztegia jauregia, urbanizazio proiektua burutu nahi den lekua. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

‘Aroztegia...eta gero zer?’ plataformak Aroztegiako afera Baztan mailako herri galdeketa lotesle baten bitartez erabakitzea proposatu du Elizondon egindako agerraldian. «Gure ustez, alde guztietako adostasunarekin eginen den Baztan mailako herri galdeketa lotesle bat egitea da momentu honetan irtenbide bakarra», adierazi dute. Horretarako, hurrengo asteetan kanpaina bat aurrera eramango dutela iragarri dute.

Zentzu honetan prest agertu dira baldintzak, epeak eta galderak adosteko mahai batean parte hartzeko. «Azkenengo hilabetean Nafarroako Gobernuak PSISa onartuz eta alde bakarreko erabakia hartuz Aroztegiako proiektua inposizioaren bitartez aitzinerat atera nahi izan du», salatu dute. PSIS hau gelditzea behin baino gehiagotan eskatu du plataformak.

Era berean, «espekulazioan eta bezerokerian» oinarritutako proiektua dela nabarmendu dute. «Bereziki larria iruditzen zaigu herritarren parte hartzea bermatuko duela ozenki iragarri duen aldaketaren Gobernu batek erabakiak modu honetan hartzea. Mariano Rajoyk Catalunyako herriaren erabakitzeko eskubidearen inguruan duen diskurtso berdina erabiltzen ari dira Geroa Baiko ordezkariak lekaroztarron eta baztandarron erabakitzeko eskubidearen inguruan», gehitu dute.

Horregatik, nafar Gobernuko alderdie «hausnarketarako tartea» hartzea eskatu diete.