Lakuak LOMCE «ezkutuan» ezartzen duela salatu du EH Bildu koalizioak. Zentzu honetan, Heziberri 2020 curriculum dekretuak, urtarrilean argitaratutakoak, bertan behera uzteko eskatu dio gaur Lakuako Hezkuntza Sailari, «LOMCEren aplikazio hutsa direlako».
Belen Arrondo legebiltzarkideak salatu duenez, «Cristina Uriarte sailburuak Madrili begira jarri ditu dekretuak eta LOMCEren ezkutuko aplikazioan ari da». Hori dela eta, «ezinbestekotzat» jo du dekretuak bertan behera uztea, eta honekin batera «sektoreko eragileei entzutea eta eurekin batera dekretu berriak diseinatzea». Honen bitartez, Hezkuntza Sistema Propio baten aldeko urratsak ematea du helburu EH Bilduk.
Ildo beretik, iritzi publikoan «nahasmena sortzen saiatzea» egotzi dio Arrondok sailburuari. «Kontraesana nabaria da publikoki berak esaten duenaren eta bere dekretuek jasotzen dutenaren artean», gehitu du. Zentzu honetan, Uriartek aurten Lehen Hezkuntzako 3. mailako ebaluazioa mantenduko dela, baina 6. mailako errebalida ez dela egingo adierazi duela nabarmendu du, dekretuak azterketa horiek ikasturte honetan bertan ezarriko direla dioen bitartean.
«Hauteskundeak gero eta gertuago dauden honetan iaz 3. mailako azterketek sortu zuten zalaparta ekidin nahian, gure hezkuntza sistema indartuko duela eta LOMCEri aurre egiteko ahaleginak egingo dituela esan du Uriartek, baina gero kontrakoa egin du, bete-betean kopiatu baititu LOMCEk ezarritako arau, dekretu eta azterketak», azpimarratu du.